23-11-2024 Sábado, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Portada 5 Santa Ageda, Bizkaiko parrokia bateko zaindaria
03.02.2012

Santa Ageda, Bizkaiko parrokia bateko zaindaria

Santa Ageda III. Mendeko birjina eta martiri siziliarra jente askok gurtzen dau gure inguruan. Bere izeneko tenplu asko dago baina parrokia bakar bateko zaindaria da. Bere santutegitik hurran dago parrokia hori, Barakaldon hain zuzen be.

Gotzaina izango da gaur eguerdiko hamabietan Santa Ageda parrokian (Kastrexana-Barakaldo) ospatuko dan eukaristian. Parrokiatik hurran, Arroletza mendi inguruan dago martiriari eskainitako santutegia.
Santutegia 1584rako eraikita egoan, orduko agirietan jasoten dan lez: “seguruenik aurreko ermita baten zimenduen gainean altxatu zan”, Jose Ignacio Homobono Euskal Herriko Unibersidadeko irakasleak zehazten dauanez. Barakaldoko San Bizente parrokia nagusitik urrun egotean “eta erantsi bihurtu ondoren”, dino aurrerago irakasleak, Alonsotegiko San Bartolomeren menpeko bihurtu zan 1882an eta Kastrexanako Santa Ana parrokiakoaren menpekoa 1956tik aurrera.
Gaur, eguraldia lagun bada, gure elizbarrutian jente gehien batzen dauan erromerietako bat ospatuko da.
Santa Agedaren irudiak
Ermita ugari eskaini izan jako santa honi gure elizbarrutian; honeek dira zutik dagozanak: Lartuendo (Gordexola), Ipiñaburu (Zeanuri), Bizkarregi (Dima), Lejarza (Izurtza) eta Natxitua (Ea). Mesus Muñiz Eleiz Museokoak santaren irudia dagoan elizbarrutiko eliza desbardinei buruzko datuak jasoten ditu eta honan irudikatzen dala dino: “esku batean martiritzako palmondoa dauka eta beste eskuan bandeja bat torturatu ebenean sustraitik kendu eutsezan bularrak erakutsiz”.
Irudikapenik zaharrena Izurtzakoa dala dino Muñizek, “gotikokoa” dalarik. Lekeitioko erretaula nagusikoa XVI. mende hasieran egin zan. Hala ere, irudi gehienak errenazimenduaren amaierakoak dira, esate baterako, “Durangoko Santa Maria elizako erretaula nagusian dagoana edo Orozkoko Olarteko San Bartolome elizakoa”.
Barroko berantiarrean irudi batzuk egin ziran eta Areatzako Jesusen Bihotza elizako erretaulan aurkitu daikegu sasoi horretao irudi bat, dino Jesusek.
Barakaldoko parrokiako irudia edo San Anton elizako Sortze Garbikoa XIX. Mendekoak dira “apartekoa dalarik –dino aurrerago Jesusek- Bilboko San Nikolas elizako San Krispin eta Ziprianoren erretaulan mihisean jasoten dan margoa”.