12-05-2024 Domingo, VII semana - Pascua
Bizkeliza 5 Portada 5 “San Balendin izan daitela biderako argia”
05.07.2015

“San Balendin izan daitela biderako argia”

Joan dan zapatuz, uztailak 4, Berriotxoako San Balendin Bizkaiko zaindarietako baten eguna ospatu zan. Beste urte batez, Elorrioko Sortze Garbia basilikan ospatu zan Meza Nagusia, gotzaina buru zala, eta eguneko ekitaldirik jentetsuenetakoa izan zan. Gotzainak bere berbaldian, 2015ean Eleizak biziera sagaratuaren urtea ospatzen diharduala gogoratu eban eta San Balendin “gure zaindaria” domingotarren ordenakoa izan zala; “Jaunari gorputzez eta arimaz sagaratu jakon gizona izan zan”, adierazo eban gotzainak.

“Bizi dogun sasoi honetan, nahastea hedatuta dago, oinarrizko printzipioak ahaztu egiten dira eta baita Jaungoikoa bera be. Orain aldia bizitzea nahikoa izaten dogu, ez dogu zerumugarik begi-bistan”, esan eban gotzainak eta gaur egun gazteei ze itxaropen eskaini deikiegun galdetu eban: “Zelan erakutsiko deutsegu benetako zoriona ekarriko deutsen bidea?… Zein zutaberen gainean eraiki gizarte gizatiar, zuzen eta adiskidetua?”.
Gotzainak biziera sagaratuaren inguruan be jardun eban: “Biziera sagaratuak Jaungoikoak guztioi deuskun maitasunaren lekukotasuna emoten dau eta bihotz-barritzera, erantzukizunera deitzen gaitu”, eta gogoan izan eban “bere bizia Jaunari sagaratu eutsan” San balendin be. On Mario Izeta gotzainak zera eskatu eban: “San Balendin izan daitela Bizkaiko seme eta alabontzat biderako argia eta onaren, egiaren, maitasunaren, parkamenaren eta bakearen gainean eraikitzen dan bizitzarako eredua”.
Berriotxoako San Balendin Eleizbarrutiko bigarren zaindaria da 1989an aldarrikatu ebenetik eta orain dala hiru urtetik, Vatikanoak hala aginduta, uztailaren 4a “jai liturgikoa” da Bilboko Eleizbarrutian. Aurton, beste bein be, Elorrioko herritar askok eta askok eskatu dau kontuan hartzeko eskakizun historiko bat: San Balendin izan daitela Bizkaiko zaindari bakarra.