29-12-2024 Sagrada Familia
Bizkeliza 5 Portada 5 Forma eta unibersoa
16.05.2013

Forma eta unibersoa

Abadeentzako Bikaritza Zerbitzuak aldian-aldian antolatzen dituan kultura jardueren barruan, atzo arratsaldez –maiatzak 15, eguaztena- Eleizbarrutiko talde batek Bilboko Arte Ederren Museoan dagoan Nestor Basterretxea euskal eskultorearen erakusketa bisitatu eban.

Beste behin be, Josetxu Villacorta eleizbarrutiko abade eta kulturan adituak egin ebazan gidari lanak eta bikain gainera. Aitatutako taldea osatu eben laiko eta abadeek asko gozatu eben Nestor Basterretxea euskal eskultorearen atzera begirako erakusketa interesgarriaz. Erakusketa hau, joan dan otsailetik dago ikusgai Bilboko Arte Ederren Museoan eta egun batzuk barru amaituko da.
Erakusketa
Orain arte Nestor Basterretxea (Bermeo, Bizkaia, 1924) artistaren inguruan egin izan dan atzera begirako erakusketarik osoena da honako hau. Horri begira, 60 urteko ibilpide sortzaile sakon eta betearen azterketa egitea proposatzen dau bilduma honek.
XX. gizaldiko bigarren erdiko euskal eskulturaren barritzailerik nagusienetakotzat hartuta badago be, Basterretxeak marrazkilari publizitario lez ekin eutsan bere jarduerari, era autodidaktan margolanak egiten hasi baino lehen. 1950eko hamarkadaren amaieran, lehenengo urratsak emon ebazan eskulturaren arloan Jorge Oteizaren eskutik; ‘Equipo 57’ deitutakoaren sortzaile izan zen eta Bartzelonako ‘Forma’ ekipoagaz lankidetzan jardun eban. 1961ean, Espainia Sao Pauloko (Brasil) bi urtez behingo VI. erakusketan ordezkatzeko aukeratu eben eskultore bakarra izan zan.
Erakusketa-ibilpidea
Erakusketa-ibilpidea 1950eko hamarkadako margolanekin hasten da. Hortik aurrera, hauxe da ikusi daitekena: eskultura eta obra publikoko egitasmoak (1967-1999); Gaur taldearen sortzezko erakusketa Barandiaran arte-aretoan (1966); “Planotik espaziora”, Neblí arte-aretoko erakusketa (1960); Meridianoak; Diseinu industriala, logotipoak eta diseinu aplikatua; Arantzazuko basilikarako zirriborroak; lehenengo lanak eskulturan (1960ko hamarkada); hirurogeta hamarreko eta laurogeiko hamarkadetako eskultura; argazki-muntaiak; kartelak eta lan grafikoa; Omenaldia lehen Amerikari (1992) eta beste lan batzuk eta, azkenik, bere bolumetriak (1957-2003). Basterretxeak bakarrik paperean jasoten diran arkitektura-egitasmo utopikoak adierazoteko darabil ‘bolumetria’ hitza; horrelako batzuk aurkezten dira hemen.
Erakusketa hau bisitatu gura dabenak sasoiz dabilz oraindik, zabalik egongo dalako maiatzaren 19ra arte.