14-11-2024 Jueves, XXXII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Portada 5 “La Navidad no es un cuento, es un poema”, Juan Ignacio Vararen liburu barria
19.12.2017

“La Navidad no es un cuento, es un poema”, Juan Ignacio Vararen liburu barria

Juan Ignacio Vara abade bizkaitarrak liburu barria idatzi dau eta berau saltzetik batu daiten dirua, OSALDE dalakoak egin eban lanari jarraipena emoteko Maliko Beleko alkartean sortutako “Deme so” emakumeen kokoperatibaren egitasmorako izango dira. Idazleak adierazo dauanez, “egitasmo zabala da eta beronen bitartez osasun-azpiegiturak (putzuak, baratzak, errota, klinika, kirofanoak, amatasun-klinika, heziketa, emakumezkoen ahalduntzea, e.a.) eraiki gura dira. Irabazi gehiago egongo balitz, Guayaquileko AEI ospitale txikira (sendatzerik ez daukien gaixoei laguntzeko ospitalea) bialduko leukez, aspalditik laguntzen deutso eta erakunde honi be.

Idazlearen esanetan, liburu honetan ipuinak eta olerkiak aurkituko ditu, besteak beste, irakurleak, danak be Gabon-kutsukoak. “Orrialde bakunak dira, danek ulertzeko modukoak, mundu beraren barruan, han eta hemen sortutakoak. Beharbada bat baino gehiago harrituko da ipuinen edo bertsoen doinuagaitik. Hori oso ona litzateke, Gabonek beti barritasuna ekarri beharko leukielako eta ez, orain gertatzen jakun lez, ohikeria, opor, opari eta gastuz betetako egun bihurtu diralako gehien bat”.
Liburu hau ez dala sinistedunentzat bakarrik azaltzen dau Varak, “kristau sinistedun diranek idazkiakaz errazago bat egingo daben arren. Gizon-emakumeok, edozein adierazpen artistikoren –margolanak, musika, olerkia, eskulturak, arkitektura, zinea…- aurrean, bat egin daikegu eurakaz, berez diranagaz, nahiz eta lan horreen “edukiak” autoreak bere egin dituan mito, siniste edo ideologia jakin batzuk izan abiapuntutzat. Niri, gaur egungo kristinau izanda, heroi grekoek eta eurek jainkoakaz eukiezan gorabeherek hunkitu naikie eta barru-barruraino sartu dakiket idazle ateoek idatzitakoa edo hunkitu egin naiteke nik ez bezala pentsatzen dabenek sortutako pelikula kutunakaz”.
“Nik beste ezer baino lehen gura dodana –dino Juan Ignaciok-, nire pertsonaiek ataraldi eta nire bertsoen berotasunetik, norbait Jaungoikoaren samurtasunaz ikututa sentitzea da”.
Liburuaren formatu digitala hainbat plataformak eskaintzen dauan orrialdetik jaitsi daiteke. Internet bidez, paperez, www.esebook.com dalakoak eta liburu-dendaren batek edo bestek eskaintzen dau. Barakaldon, hainbat parrokiatan aurkitu daietke eta Minerva liburu-dendan; Bilbon, Jakinbide eta San Pablo liburu-dendetan. Hamar euro balio ditu.