26-11-2024 Martes, XXXIV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Portada 5 “Poz handia hartu dot Aitamen honegaz”
27.10.2015

“Poz handia hartu dot Aitamen honegaz”

Gurutzi Arregik ustekabean eta pozik hartu dau barria. Carmelo Etxenagusia zuzenean ezagutu eban eta, horregaitik bihotzez eskertzen dau Ohorezko Aitamen hau emon jakolako. Poztu egin da, gainera eta batez be, eleizbarrutiko ondarearen aldeko lana saritu dalako, hori, bere ikuspuntutik, ez dalako baloratua izan.

Eleizaren Kultura Ondareen hedapenaren alde egindako lanagaitik ‘Carmelo Etxenagusia’ Ohorezko Aitamena jasoko dauan Gurutzi Arregirentzat Ander Manterola eta Jose Miguel Barandiaran izan dira bere maisuak. Makina bat urtez jardun izan dau eurakaz batera gure etnografia sakontasunez aztertzen eta ikertzen. Gaur egun be material etnografikoak batzen dihardu horreekaz Baskoniako Atlas Etnografikoa osatzeko.
Hamar urtetik gora emon ebazan Bizkaiko ermitei buruzko landa-datuak eta datu bibliografikoak eta dokumentalak batzen. Bizkaiko ermiten inguruan egin izan dan lanik osoenaren egiela da. “Oroitzapen ederrak eta eskerrona baino ez daukadaz milatik gora izan ziran barriemoile guztientzat”, dino berak.
Zortzirehun ermita baino gehiagoren datuak
Orain dala 30 urtetik gora egin eban lanean, Gurutzi Arregik gure lurraldeko 814 ermitaren datuak batu ebazan. Gaur egun, 500 inguruk irauten dau. “Ermitak gure arbasoek bizi izan daben herri erlijinotasunaren adierazpen dira”, kontatzen dau. Batzuek milaka urte dabez, honeen inguruko idatzizko agiriak urriak badira be.