Goiz berezia bizi izan dabe santutegian eta Urkiolako parke naturalean. Eguraldia lagun, ehunka lagun hurreratu da jaia ospatzera. Asko eta asko autoz joan da, beste asko gainerako lurraldeetatik beren-beregi antolatutako autobusetan eta animatuenak oinez edo bizikletan. Danak be itsasoaren mailatik 713 metrotara dagoan gailurrean batu dira.
Santutegia fededunez lepo bete da Eukaristietan. Tenpluaren inguruan, gozokiak, nekazal-produktuak, etxean egindako likoreak, labean egindako ogiak… erosteko aukera izan da. Artisau-lanek eta ganaduak be izan dabe lekua inguruko herrietako baserritarrentzat oso berezia dan eguneko azokan.
📌Meza Nagusirako prest Urkiolan.
— Bilboko Elizbarrutia (@DiocesisBilbao) June 13, 2024
📌Comienza la misa mayor en el santuario de Urkiola pic.twitter.com/RTkYw4yVhz
Antonio Madinabeitia gogoan
Feliz Moreno Abadetxeko jagole eta hainbat urtez gaur hil dan misiolariaren bizilagunak hunkituta azaldu dau Antoniok itzi deutsan “altxorra”. “Ez bakarrik Antoniok, baita gainerako misiolariek be, izan be, Urkiolak Jainkoa, bizitza eta besteak ulertzeko begirada berezia emoten dauala erakutsi deuste”.
Fernando Díaz Abajo HOAC mobimentuko Sevillako kontsiliario ohia aspaldi “maitemindu” zan lekuaz eta orain ahal dauan guztietan joaten da Urkiolara. Antonio Madinabeitiari bisita egiteko eta egunok Urkiolako misino-familiagaz igarotzeko pentsatu eban bidaia. “Orain beste era batera egingo dot, gure artean jarraitzen dau-eta, bere irribarre zintzo eta apalaz”, esan dau hunkituta, lehenengo aldiz dago-eta hemen, egun berezi hau ospatzen.
Raquel Corcuera Tabira Pastoral Barrutiko kideak nabarmendu dauanez, bere seme-alabentzat Antonio “aitite bat izan da”. Azken urteetan hartu-emon estua izan dabe beragaz. Raquelek Antonioren gizatasun handia be nabarmendu dau. Esaldi labur eta esanguratsu batez definitu dau: “gizon ona hil da”.
Gotzainak, Meza Nagusiko homilian, Antonio Madinabeitia gogoratu dau eta, aldi berean, mundu osoan indarrean dan hainbeste gerratan hiltzen ari dan milaka lagun be gogoan izan ditu.