Domund 2026

“Bat Kristogan, bat Misioan”

2026-Urriak-18

Anai-arrebok.

Datorren urriaren 18an, Misinoen Munduko Eguna, DOMUD Eguna, ospatuko dogu, aurton, esangura bereziagaz, izan be mendeurrena ospatuko da.

1926an, Pio XI.a aita santuak urriaren azken-aurreko domeka Misinoen Munduko Domeka izendatu eban, Fedearen Zabalkunderako Aita Santuaren Ekintzaren alde. 1943an sortu zan “DOMUND” izena, Aita Santuaren Misino Ekintzak (AME/OMP) erakundeko estatuko lehenengo zuzendari izan zan Angel Sagarminaga Mendieta Igorreko abade bizkaitarraren asmamen eta gogo biziaren emaitza lez.

Ehun urteotan, milaka misiolarik, beste hainbeste fededun eta fedebakok, eta ikaslek eta taldek lagunduta, egia bihurtu izan dau Jaunaren agindua: “Zoaze mundu guztira eta iragarri Barri Ona izaki guztiei” (Mk 16, 15).

Ospakizun honek sustrai sakonak ditu Bizkaiko Eleizan eta Eleizatik kanpo bizi dan askorentzat be garrantzitsua da. Horixe esperimentatu eban San Joan Paulo II.ak: “Misiolarien lekukotasuna erakargarri da aldentutakoentzat eta fedebakoentzat be, eta kristau balioen transmititzaile da” (Redemptoris Missio, 83).

Azken mende honetan, misinoko lurraldeetako eleizbarrutien kopurua lau bider ugaldu da. Gaur egun, 1.132 eleizbarruti dagoz, 300 miloe inguru katolikogaz. Urteotan, egunean parrokia bat baino gehiago zabaldu izan da misinoko lurraldeetan, 1925ko 627 parrokiatik gaur egungo 41.056 parrokiara igaroz. Zuen otoitz eta laguntza eskuzabalari esker ahalbidetu daiteke euren garapen eta mantenua.

“Bat Kristorengan, misinoan bat eginda” goiburua aukeratu dau Leon XIV.a Aita Santuak egun berezi honetarako. Misinoaren bihotzean, Kristogaz bat egitearen misterioa dagoala gogoratu deusku bere mezuan, eta horrek Kristorengan aienek mahastian irauten daben lez, bizitza hirukoiztarrean murgilduta,

irautea eskatzen dauala. Hain zuzen be, batasun honetatik sortzen da fededunen arteko alkartasuna eta misino-monkortasuna.

Anai-arrebok, Aita Santuaren berbak geure egin eta onartu dagigun jainkozko onginahiaren gidaritza eta goiargia, misino-bokazinoaren sua guregan barritu daiten eta batera aurrera egin dagigun ebanjelizazinoaren konpromisoan, Eleizaren historian barria dan misino-aldi barri honetan.

“Eleiza osoa, Eleiza guztiak mundu osoaren bihurtzerako”, Paolo Manna dohatsuaren esaldi hau bateotik dagokigun misino-erantzukizunerako, mundu osoko alkartasunerako, fedearen katolikotasunerako deia da.

Sasoi asaldatua, dudazkoa, aldakorra bizi dogu, hasierako kristauek bizi izan ebenaren antzekoa. Benetako ikasle-misiolari hareen bitartez jaso dogu fedearen altxorra Kristo Jesusengan.

Berbiztuaren Espirituak suspertu dagiala gure misino-kontzientzia eta kanpaina graziazko aukera izan daitela gure alkarteen, ikastetxeen eta taldeen bizitza bizkortzeko.

Besarkada bat

Manuel de Jesús Heredia Noriega

Delegado de Misiones