27-09-2024 Viernes, XXV semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Kartzelako errealitateagaz konprometitutko pertsonak erakarri gura dabez
21.09.2024

Kartzelako errealitateagaz konprometitutko pertsonak erakarri gura dabez

Irailaren 24an ospatzen da kartzela eta presoen zaindariaren eguna. Hori dala-eta, Kartzela Pastoraltzak eta presoei kartzela barruan eta kartzelatik kanpo laguntzen deutsen Bidesari alkarteak jardunaldi berezia antolatu dabe biharko egunerako. Presoek Kerman Lopez bikario nagusia buru dala arratsaldeko bostetan ospatuko dan Eukaristian parte hartuko dabe. Bestalde, Gernikako mesedetako monjek martitzenez ospatuko dabe euren eguna ikasle eta familiakaz, 10:30etan.

Kartzela Pastoraltzatik dei egin deutse Bilboko Eleizbarrutiko talde eta eragileei, kartzelan dagozan pertsonei lagun egin deieen eta parrokietan kontu hau agertzeko eta beronen inguruan sentiberatasuna bizteko jarduerak antolatu daiezan.

Alkarrizketa honetan, Roberto VIdal Kartzela Pastoraltzako Bilboko Eleizbarrutiko arduradunak eskaera horren inguruko zehaztasunak emoteaz batera, “nekez begiratzen dogun” errealitate honen inguruan gogoeta egiten dau.

Roberto Vidal

Zer dala-eta deialdi hau?

Mesedetako Amaren jaiak gogor dakarsku pertsona guztiak, eta batez be sistematik kanpo geratu diranak, zaintzeko konpromisoa.

Eleizbarrutiko Kartzela Pastoraltza Eleizaren erronketako bati erantzuten saiatzen da: pobretasuna, sufrimentua eta bazterketa eragiten daben egoerei aurre egin.

Eleizbarrutiko Pastoral Barruti bakotxean Kartzela Pastoraltzan parte hartu daien pertsonen talde txiki bat egotea lortu ezkero, presoek bizi daben egoera alkarteetan agertuz eta konpromiso txikiak martxan jarriz, aurrera pausu handia emongo dogu alkarte abegitsu eta barneratzaileak izateko bidean. 

Zenbat boluntario dago gaur egun?

Arlo honetan, 30 boluntario baino gehiago dago; kartzelara sartzen dira astean zehar presoei bisita egiteko, entzuteko eta akonpainamendua eskaintzeko. Gainera, domekaz, Eukaristia ospatzen dabe eurakaz. Abade batzuk, txandaka, asteroo meza ziurtatzen deutse fededun izanda euren fedea ospatu gura daben presoei.

Kartzela Pastoraltzako Bidesari alkartean, 48 boluntario eta 28 profesional dagoz, presoei kartzelan eta kartzelatik kanpo laguntzeko gizarte-heziketa prozesuak sustatuz. 

Norbait animatuko balitz edo gehiago jakitea gurako baleu, nora jo beharko leuke?

Helbide honen bidez: pastoralpenitenciaria@bizkeliza.org Atseginez emongo deutsagu errealitate honen inguruko informazino gehiago.