On Joseba Segura gotzainak artikuluan adierazo dauanez, azkenaldian lanaren etorkizunari buruzko eztabaidak beste norabide bat hartu dau arlo teknologikoan ospetsu bihurtu diran pertsonen eskutik. “Sam Altman, CEO de OpenAI eta Elon Musk enpresari eta barritzaile ezagunak oinarrizko errenta unibertsala iraultza teknologikoak lan-merkatura ekarri leikezan aldaketei erantzuteko bide lez aztertzea proposatu dau”.
Idazkian azaltzen danez, Altamek miloeak inbertitu ditu oinarrizko errentaren balizko bideragarritasunari buruzko ikerketak egiteko eta Musk ideia honen alde agertu da. “Argudiatzen dabenez, aurrerapen teknologiko bizkorrek, batez be adimen artifizialean eta robotikan, alperreko bihurtu leikie lagun askoren ekoizpen-lana epe laburrera. Ikuspuntu honen arabera, gero eta sofistikatuago izango diran robot eta konputagailuek langabezian itziko dau langile asko eta asko, desagertuko litzatekezan lanpostuen ordezko lanpostu barri nahiko ikusten ez dalarik”.
Ikuspuntu honek iraultza dakar lanaren giza ikuspuntura. Gero eta sarriago, hainbat autorek lanaren eskubidearen defentsatik lanetik bereizitako sarrera duinak bermatuko leukezan sistemaren garapenera igarotzea proposatzen dau. Proposamen horrek erronka egiten deutso lana jadesteko bidea eta laneko baldintzak hobetzean oinarritu eta azken gizaldi biotan nagusi izan dan lan-pentsamentuaren esparru klasikoari.
Seguraren ustez, ikusputu honek ez dau zerikusirik sarrera-iturritzat hartzetik harago doan lanaren kristau ikuspuntuagaz. “Pentsamentu sozial kristauarentzat, lana izakiaren funtsezko alderdi da, hil edo bizikoa bere garapen pertsonalerako eta alkarte garapenerako”:
Artikulua osorik: hemen