Bihar -zapatua-, otoitz-erretiroa ospatuko dabe kurtsoari hasiera emoteko eta datorren eguaztenez, urriak 9, “Hitzaren eskolaren” seigarren ekitaldia jarriko da martxan.
Verbum Dei
‘Verbum Dei’ Misino-senidetasun alkartea, Biziera Sagaraturako Pontifize zuzenbideko Institutua da. Euren esanetan, “misino-alkartea gara, eta otoitzaren eta Hitzaren ministerioaren karisma dogu (Eg 6, 4)”.
Hiru adarretan antolatzen da: sagaratu zelibeen adar bi eta senar-emazte misiolarien adar bat. ‘Verbum Dei’ Misino-senidetasun alkartea, espiritualtasun eta misino bera daben laikoez osotutako ‘Verbum Dei’ Misino-familiaren barruan dago.
‘Verbum Dei’ alkarteak Jainkoaren Hitzean oinarritzen dau bere berariazko misinoa. Arduradunek azaldu dabenez, “helburua, Jainkoaren Erreinuaren bizipena eta zabalkundea da”. Euren apostolutza garatzeko, otoitz eta heziketarako taldeez eta beste hainbat jarduerez baliatzen dira.
Bilboko Eleizbarrutian:
“Mundu osoko Eleizaren bizitza eta misinoan txertatuta, Bilboko Eleizbarrutian dagoan ‘Verbum Dei’ familian 50 lagun inguru gara. Berariazko karisma teorian ezagutu eta bizitzara eroanez, hainbat bide dogu partaidetza eta konpromisorako”.