Heldu da eguna Otxarkoagako ikastegiko taldeak rallyari ekin deion. Orain arte prestatzen aritu izan dira beste 250 autogaz batera abentura solidario hau arrakastaz burutzeko.
Martitzenez, eleizbarrutiko ikastetxeen EBI sareko ikastegiko talde osoa, irakasle eta zuzendariagaz batera, Begoñako basilikara etorri zan basamortuan milaka kilometro egingo dabezan autoakaz batera. Parrokoak pertsonak zein lasterketarako prestatu dabezan autoak bedeinkatu ebazan.
📌Uniraidera doazen pertsonen eta kotxeen bedeinkazinoa Begoñan
— Bilboko Elizbarrutia (@DiocesisBilbao) February 4, 2025
📌Bendición al alumnado y a los vehículos que participarán en el Uniraid solidario de Marruecos @CF_Otxarkoaga https://t.co/aivtKDWpvS pic.twitter.com/K44tdgDf4j
OtxarRiders
OtxarRiders taldea da Euskadiko partaide bakarra eta ikastegiko irakasle bik, erizaintza-gradu ertaineko ikasle bik eta karrozeria-graduko beste bik osotzen dabe. Osasun-materiala prestatu dabe eta autoak puntuan ipini dabez rallyaren sei etapak burutu ahal izateko.
Taldea geolokalizatuta egongo da beti eta laguntza mekanikoa ziurtatuta izango dau. Ibilgailuen mantenu eta zaintzaz arduratuko dira eta zehatz-mehatz jarraitu behar izango dabez antolakuntzatik jasoko daben nabigazino-liburuan jasotako jarraibideak. Auto klasiko bitan, iparrorratzaren eta nabigazino-maparen laguntzaz, 2.400 kilometro egin behar dabez haranzkoan eta beste hainbeste itzuleran, era guztietako oztipo naturalak gaindituz eta auto bakotxean 40 kilo material solidario eroanez.
Emondako autoak
Berrizko Mesedetako Misiolariek eta La Inmaculada ikastetxeak emondako autoetan joango dira. Aurton, gainera, bada barritasun bat: euskal taldeak Zurekin enpresak emondako furgoneta izango dau eta irakasle biak joango dira bertan. Honeek beste etapa batzuk egingo dabez baina helburu beraz: materiala eroan premina gorrian dagozan ospitale, amaetxe eta herrixketara.