01-03-2025 Sábado, VII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Eleizbarrutian urte gehien daben monjetako batek 100 urte bete ditu
26.02.2025

Eleizbarrutian urte gehien daben monjetako batek 100 urte bete ditu

Gueñeseko alkartean bizi diran Karitatearen Alabak ordenako 9 monjek Sor Maria Luisa Sanchez Toyosen urtebetetze borobila ospatzen dihardue gaur, izan be, 100 urte bete ditu. Ruiseñadan (Kantabria) jaio zan eta eritzaintza ikasi eban. 1946an, Puerto Ricora bialdu eben eta han "danetik egin" ondoren, azkenean erizain lez jardun eban. Atseginez gogoratzen ditu urte hareek, bere esanetan, "asko jaso neban-eta". Bilboko eleizbarrutira bueltatu zanean, Gordexolako alkartean egon zan. 1987ra arte egon zan bertan alkartea, orduan Gizakia erakundearen esku itzi eben-eta eraikina. Gaur egun, askotariko mendetasunak dabezan pertsonei eskaintzen deutse arreta leku horretan.

Sor Maria Luisa, Karitatearen Alabak 100 urte bete ditu gaur. Gueñesen bizi da beste zortzi ahiztagaz batera eta herriak omenaldia eskaini deutso gaur goizean.

Udalak eskaini deutsan omenaldia (Argazkia: Gueñeseko Udala)

Alkarteak Eukaristia ospatu dau Ernesto Bilbao parrokoa buru dala eta, ostean, bazkari “berezia” izan dabe. Sor Maria Luisak bere urtebetetzerako beren-beregi prestatutako tartaren kandelak amatau ditu.

Sor Maria Luisa urtebetetzeko tarta zatitzen

Alkarteak poz-pozik ospatu dau sor Maria Luisaren mendeurrena, gero eta gitxiago eta edadetuago dirala autortuta, baina “ilusinoz” euren misinoan aurrera egiteko: “kalitatezko zerbitzua eskaini pobreenei gizakiaren, bizitzaren eta munduaren kristau ikuspuntutik, Ebanjelioaren Barri Ona agertuz”. 

Beste alkarte batzuk

Karitatearen Alabak Bilboko eleizbarrutiko hainbat errealitatetan dagoz. Lagun egiten deutse Basauriko kartzelako presoei eta ikastetxeetan edo egoitzetan be jarduten dabe. 

SOr Maria Luisa, de la Comunidad de las Hijas de la Caridad de Güeñes, cumple 100 años