13-03-2025 Jueves, I semana - cuaresma
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Donostiako gotzainak Areetan aurkeztuko dau bihar Garizumako Pastoral Idazkia
12.03.2025

Donostiako gotzainak Areetan aurkeztuko dau bihar Garizumako Pastoral Idazkia

Areeta-Romo Pastoral Barrutiak (PB) ekitaldiak antolatu ditu Garizuma-aldirako, gogoeta eta otoitz egiteko aukera emonez. Bihar, -martxoak 13, eguena-, On Fernando Prado Donostiako gotzainak berbaldia eskainiko dau arratsaldeko zazpiak eta erdietan Mesedetako Ama parrokian, Iruña eta Tuterako artzapezpikuak eta Donostia, Gasteiz eta Bilboko gotzainek idatzi daben eta argitaratu barri dan Pastoral Idazkiaren inguruan. Kerman Lopez bikario nagusiak egingo dau aurkezpena. 

Bigarren berbaldia, datorren eguenez, martxoak 20, izango da, leku berean, Areetako Mesedetako Ama parrokian, Orduan, hiru gaztek euren fedearen lekukotasuna emongo dabe. Thimothee Poncelin gazteen taldean dagoan mutil frantsesak gogo jardunen esperientziaz eta norberarena ez dan herrialdean fedea bizitzeko taldeak bilatzeaz hitz egingo dau. Eusko legebiltzarrean dagoan Ander Añibarro kristau gazteak politikaren eta fedearen ingurukoak aitatuko ditu. Teresa Mahillo eskaut gazteak mugako taldetik gizarte eraldaketaren inguruan bizitzako konpromisoaren inguruan jardungo dau.

Hirugarren berbaldia martxoaren 24an -astelehena- izango da, Mesedetako Ama parrokian, 19:30etan. Jesus Higueras Madrileko Kanako Andra Mari parrokiako parrokoak -Espainia osoan, eleiza honetan batzen da eleiztar gehien astebururo- “errukiaren misiolari” gaiaren inguruan jardungo dau. Higuerasek, gainera, gogo jardunei buruzko hainbat liburu idatzi dau eta gidatu be egiten ditu.

Erretiroa

Apirilaren 5ean, zapatuz, erretiroa ospatuko da Areeta-Romoko Pastoral Barrutiko (PB) Fede-zabalkunde eta Katekesirako arduradun dan Jose Eizaguirrek gidatuta, Santa Ana parrokian, 10:30etatik 13:30etara, “ikasle izatearen inguruan” gaiaren haritik. 

Fernando Prado

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: