17-05-2025 Sábado, IV semana - pascua
Bizkeliza 5 75. urteurrena 5 Bilboko gotzaina: “Eleiza bizia garala ikusiko da BECen”
17.05.2025

Bilboko gotzaina: “Eleiza bizia garala ikusiko da BECen”

Atzo, On Joseba Segura Bilboko gotzaina Radio Popular-Herri Irratiko EgunOn Bizkaia irratsaioan izan zan. Bizkaiko Eleizaren inguruko hainbat konturen inguruan jardun eban, gaur, Bilbao Exhibition Center (BEC) erakustazokan ospatuko dan ekitaldia nabarmenduz. BECeko 3. pabiloiko ateak goizeko hamarretan zabaldu eta arratsaldeko bostetan itxiko dira. Zazpi orduz, askotariko jarduerak izango dira, esate baterako: tailerrak, musika-emonaldiak, eleiz errealitateen aurkezpenak 90 standetan, e.a. Bizkaiko Eleizak bikain ospatuko dau bere 75. urteurrena bertaratu gura daben guztientzat zabalik izango dan ekitaldian.

Gaur ospatuko dan “Eleizea plazara” azoka gura daben guztientzat zabalik izango dala azpimarratu eban On Joseba Segura gotzainak Radio Popular-Herri Irratiko Koldo Campok egin eutsan alkarrizketan. Bere esanetan, “Bizkaiko Eleiza osotzen daben errealitate guztiak bertan izatea nahi izan dogu”.

Ekitaldiak eleiz inguruan biztu dauan jakin-minaren arabera, gotzainaren ustez gaur “Eleiza bizia garala ikusiko da”.

Aukera ederra izango da, beraz, jai eta otoitz giroan Bilboko eleizbarrutia osotzen daben askotariko errealitateen kolore anitzak ikusteko.

Etorkizuneko lekuko Eleiza

Gotzainak, BECen 13:00ean ospatuko dan Eukaristiako homilian azalduko dauanaren haritik, eleiz alkartearen etorkizunaz jardun eban irratian: “Ez dakit zenbat izango garan, baina Jesusen jarraitzaile hobeak izango garala uste dot”. Gogoeta horren harira, “jente asko bila ari da eta ez dau aurkitzen” esan eban. Eta ildo beretik, adimen-osasunaren gaiaz, batez be gazteenaz, mintzatu zan: “gauza askogaz dau zerikusia, baina baita zentzurik ezagaz be”. Hori dala-eta, Bilboko gotzainaren ustez aukera dago “Barri Ona proposamen erakargarri lez aurkezteko”.

Kultura-aniztasunari dagokionez, gotzainak azaldu dauanez, kanpotik datozan pertsonak “gure alkarteetako fede-bizitzako portagonista bihurtzen ari dira”. 

Leon XIV.a aita santuari buruz

Gotzainak harridura agertu dau aita santuaren aukeraketaren inguruko informazinoagaitik, “konklabeak hedabideen arreta erakarri” leike-eta. Baina arrazoi horri beste bat gehitu deutso gotzainak: “munduak eredu moralak, argitasuna ekarriko deutsen ereduak behar ditu liskar eta indarkeriaz jantzitako egoeren aurrean, eta katolizismoak eredu moral hori emon leike”.

On Joseba Segura gotzainarentzat positiboa da Leon XIV.a aita santuak bere lehen agerraldian bakeaz hitz egitea, horixe da-eta “gizadiaren erronka nagusia”. Kontu honetan, Ekialde Hurbileko gatazka nabarmendu eban: “ikaragarria da, hainbeste denpora egoera bortitza jasaten, milaka heriotza eta inork ezer ez esatea, txarra da”.

Gaur, hain zuzen be, Eukaristian batu aiten dirua Lurralde Santura bialduko da.

Gotzainaren esanetan, sinodo-seneko Eleizaren kontua eta zehazpena be, garrantzitsua izango da Leon XIV.aren aitasantutza-aldian, “zenbait girotan aurkakotasun asko sortzen dau-eta”. Bere ustez, ministerio ordenatuak izan dauan nagusitasun esklusiboa aldatzen ari da eta “ezinbestekoa da aldatzea”.

Gotzainak teknologiaz eta “gizaki izateari” dakartson mehatxuaz be jardun eban. Aita Santu barriak be oso kontuan hartzen dau gai hau eta hori pozgarria da On Joseba Segura gotzainarentzat, “munduan ez dago-eta giza duintasunaren aldeko ahots askorik”.

El obispo de Bilbao, Joseba Segura, durante la entrevista.