18-06-2025 Miércoles, XI semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Caritas Bizkaiak 12.000 lagunetik gora artatu ebazan 2024an
18.06.2025

Caritas Bizkaiak 12.000 lagunetik gora artatu ebazan 2024an

Caritas Bizkaia erakundeak gaur goizean aurkeztu dau 2024ko oritza-txostena. Besteak beste zera nabarmentzen da txostenean: erakundeak 2024an 12.000 lagun baino gehiago (%52 emakumeak) artatu dauala. Laguntza-eske hurreratzen jakezan pertsona horreek egoera gero eta korapilatsuagoak bizi dabez zihurgabetasunaz eta behin-behinekotasunaz bustitako gizarte testuinguruan. Lurralde Historiko osoan 1.700 boluntario  ingururen (%78 emakumeak) laguntzagaz garatu izan dabezan 249 egitasmoren bidez eskaini dabe arreta hori.

Elena Unzueta Caritas Bizkaia erakundeko zuzendariak eta Ana Sofi Telletxea Azterketa eta Garapenerako Saileko arduradunak aurkeztu dabe txostena gaur goizean eta Caritasen esku-hartzearen ingurukoak azaldu dabez: “pertsonak lehenesten doguz, euren eskubideak nabarmenduz, hartu-emona landuz eta eraldaketa pertsonal eta estrukturala ahalbidetuz, lagun bakotxaren bizitzako ibilbidearen zailtasunak autortuz”.

Laguntza jasoten dabenen aurpegiak

Seme-alaben ardura daben familiak, umeak, gaztetxoak eta gazteak. Belaunaldien arteko arrakala antzematen da, batez be ume eta gazteei eragin eta euron etorkizuna, eta ondorioz gizartearena, arriskuan jarten dauana. Arreta jaso daben familien %65ek seme eta alabak ebezan, erdia gurso bakarrekoak ziran eta batez be emakumea zan buru. Bazterketa larria jasateko arriskua dabenen artean, sarrera baxuak dabezan emakumeak dagoz, etorkinak, trebakuntza eskasa dabenak, bakarrik lan eskasak jadesten dabezanak, seme-alabak bakarrik hazi behar dabezanak…

Jatorriari dagokionez, zerbitzuen hartzaileen %68 etorkinak izan ziran, 100 herriald ingurutik etorritakoak -erdia inguru (%49) Hego Amerikakoak-. Irregulartasun administratiboa da %60aren beste arazo larri bat eta horrek gizarteratze osoa galarazoten deutse.

Caritas Bizkaiak, Nazinoarteko Lankidetzarako eta Migrazinoetarako Sailaren bidez, 11 herrialdetan garatutako 16 egitasmotan lagundu eban 2024an.

Pertsonei bizitzako aldi guztietan lagun egin jaken: artatutako lagunen %19, 18 urtetik beherakoak ziren eta beste %19, 39 urterainoko gazteak. Laguntza jaso ebenen artean, 6.400 inguruk (%57 emakumeak) 30 eta 64 urte bitartean eban eta 760k (%76 emakumeak) 65 urtetik gora. Unzuetak azaldu dauanez, “perfilen aniztasun honek agertzen dauanez, gizarte bazterketa genero, adin, jatorri, bakartasun edo ikusten ez diran zainketen zamagaz kurutzatzen dira”.

Gizarte egoera eta testuinguruak:

Caritas Bizkaia erakundeak antzeman dauanez, lagun askorengan batera gertatu dira holakoak, ahultasuna eta gizarte baztarketa sortuz.

Bizileku egonkor eta duina eskuratzea eta horri eustea “ezinezko” bihurtu da, milaka familien inklusino betea galarazoz eta egundoko desbardintasuna sortuz ordaintzeko ahalmena dabenen eta ez dabenen artean. Bizilekuari lotuta, erroldatzearen arazoa dago, ezinbesteko giltza zerbitzu eta eskubideak izateko. Ahuleziazko egoeran dagoan askorentzat, erroldatzearen kontuak eskubide izateari itzi deutso eta ordaindu egin behar izaten dabe lortzeko. Bizilekurik ez dabenen egoera da arazo larri honen agerpenik larriena, non bizi ez izateak beste makina bat arazo ekartzen deutse-eta.

Caritas Bizkaia erakundeak 800 lagun baino gehiagori (%34 emakumeak) lagundu eutsan bizilekuaren kontuagaz. Era berean, 270.000 € jarri ebezan etxebizitza jadesteko diru-laguntzetan eta 215 laguni Eguzkilore fundazinoak kudeatutako etxebizitza jadesteko aukera emon eutsen. Kasu larrienei erantzuteko, bizileku bako pertsonentzako sailetik 1.800 lagun ingururi eskaini jakon arreta (%9 emakumeak) buruz buruko akonpainamendua eskainiz eguneko zentroetan, gaueko zentroan eta tutoretzapeko bizilekuetan.

Pobretasuna, langabezia eta laneko behin-behinekotasuna. Milaka familiak jasaten dau eurengana ez da-eta ez hazkunde ekonomikorik, ez lan duinik ez dirulaguntzarik iristen. Honen haritik, Telletxearen esanetan, “gaur egun lana izateak ez deutse egonkortasuna ziurttzen familiei: aldi baterako kontratuak, lanaldi laburrak, ekonomia informala, oztopo administratiboak, lanean babesik ez izateak, milaka lagun kanpoan izten dauan eredua finkatzen dabe”.

Konpromisoa

Cáritas Bizkaia ekintzan, ezinbesteko izan da eta da 1.761 boluntarioren (%79 emakumeak) eta talde profesional konprometituaren lana. Boluntarioen eta profesionalen arteko lankidetza hau da gertutasuna, zaintza, jakite teknikoa eta konpromiso iraunkorra nahastatzen dituan ereduaren oinarria. 2024an, 277 boluntario barri hasi ziran erakundean lanean, urtez urte barritu egiten dan alkartasunezko jardunbidearen adierazle. Ez da ahaztu behar, gainera, Caritas Bizkaiak dituan 4.400 bazkide eta laguntzaileren eta 370 erakunde juridiko emoileren indar eta euskarria. 

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: