Bihar, ekainak 20, amaituko da BizkaiBiran izena emoteko epea. Erromesaldi honek 302,05 kilometro egingo ditu Bizkaiko bikaritzetan zehar, espiritualtasuna, izadia eta alkartea buztartuz. Bilboko eleizbarrutiak antolatutako ekimen honek alkartzea eta otoitza sustatu gura ditu. Partaideek, bainera, lurraldeko kultura eta paisaiak ezagutzeko eta horreez gozatzeko aukera izango dabe.
19 ibilbide, 19 eguneko erromesaldia
Ekainaren 25ean, goizeko 9:00etan emongo jako hasiera bidaiari Begoñako basilikan. Bilboko gotzainak ondo etorria adierazo eta deialdia egingo deutse erromesei 19 eguneko bideari ekin deioen. Logistika zehatza izan da: ibilbideak egiaztatu, lekuan lekuko alkarteakaz koordinatu, gaua emoteko lekuak kudeatu eta boluntarioak hezi. Prest dago guztia esperientzia ahaztezina bizi ahal izateko.
Etapak zati bitan banatuta dagoz. Goizez, ibilbideak burutuko dira oinez eta, arratsaldez, Bizkaiko Eleizak bikaritzaz bikaritza sustatzen dituan egitasmoak ezagutuko dira. Gura dauanak eguneko etapa amaitzen dan lekuan emon leike gaua, biharamunean etapa barriari ekiteko.
Amaierako ospakizun handi bi
Ekitaldi berezi bik emongo deutse amaiera BizkaiBirari:
Ekainaren 12an, salestarrek Barakaldon daben etxean, jai handia ospatuko da, zuzeneko musikagaz eta partaideentzako ezustekoakaz.
Ekainaren 13an, Bilboko Santiago katedralean egingo dan ospakizunak emongo deutso amaiera erromesaldiari.
Zelan emon izena?
Ezinbestekoa da aplikazino ofizialaz (iOS eta Android) baliatzea izena emoteko. Maria Manrique batzorde antolatzaileko kideak aukera ez alperrik galtzeko dino: “Izena emoteko unea da, eta bakotxak ondoen jatorkona aukeratzeko. Etapa baten edo bat baino gehiagotan emon geinke izena”.
Aplikazino berezia
Beren-beregi BizkaiBirarako prestatutako aplikazinoak ibilbide guztiak eta euren ezaugarriak jasoten ditu: kilometroak, mapa, “nabigazino-koadernoa”…, partaidek esperientziak eragindako zirrarak idatzi daiezan. “Espiritualtasuna” atala be badauka, ohar, gogoeta, otoitz eta multimedia lagungarriakaz.