Bilboko Eleizbarrutia bere sorreraren 75. urteurrenean murgilduta dago. Hurrengo mugarria Elorrion egingo dan topaketa orokorra izango da, irailaren 27an. Sortzez Garbiaren basilikak Bizkaiko eleiztarrak hartuko dauz Jubileu tenplu legez. Bertan hasiko da ikasturtea, oraingo honetan komunidade parte-hartzaile eta misinonari baten aldeko apustua eginaz, alkarregaz ibiliz.
`Batera´ da ikasturtean zehar erabiliko dan goiburua
Ondoren, urriaren 25ean, eleizbarrutiarteko ospakizuna egingo da Estibalizko Andra Mariaren Santutegian, Araban. Bertan, Bilboko Eleizbarrutiak bat egingo dau Gasteizko eta Donostiako arrebakaz, data historiko hori ospatzeko.
Era berean, 75. urteurrenerako prestautako erakusketa ibiltariak Bizkaian zehar jarraituko dau. Erakusketa honek eleizbarrutiaren historia eta bizitza errepasatzen ditu informazino panelen eta argazkien bitartez, eta bikaritza desbardinetan zehar bidaiatzen jarraituko dau.
Memoriatik bidaia: argitalpen monografikoa
Zabalkunde eta memoria lanaren funtsezko parte lez, Elizbarrutiko Komunikazino Saila, Alkarren Barri aldizkariaren bitartez eta Bizkaiko Elizaren Artxibo Historikoaren lankidetza baliotsuagaz, 75 urte honeetako gertaera esanguratsuenak, hamarkadatik hamarkadara, errepasetan dituen artikulu batzuk argitaratzen ibili da. Bereziok, artxiboko irudietan eta azalpen testuetan oinarrituta, denporan zeharreko bidaia eskaini deutsee irakurleei.
Orain, proiektu hau burutzeko eta jente guztiaren eskura jartzeko, artikulu horreek guztiak biltzen dauzan bilduma monografiko bat kaleratu da. Argitalpen hau, 1949an eleizbarrutia sortu zanetik Bizkaian Eleizak izan dauen bilakaerea eta aberastasuna ulertzeko funtsezko dokumentua da.
Bilboko Eleizbarrutiak fededun guztiak eta, oro har, gizartea konbidatzen ditu geratzen diran ekitaldietan parte hartzen jarraitzera eta bere historiaren laburpen hau zuzenean ezagutzera, etorkizunari itxaropenez begiratzen deutson fede-alkartearen lekuko.