Mañariko alkarteak gaur ospatu dau Urkiolako erregute tradizinonala. Parrokiako erreferenteak, Mari Puy Inzunzak, urteetan zehar ospakizuna aldatu egin dala gogoratu dau: “Txikitan, gogoan dot abadeagaz eleizpean alkartzen ginala. Kopau txikia prestetan euskuen, Aita Gurea errezetan genduan eta Urkiolarantz abietan ginan oinez. Persona batzuk autoz edo autobusez igoten ziran. Behin santutegira iritsita, parrokoak eskaileretan hartzen ginduzan eta prozesinoan sartzen ginan tenplura, bertan eukaristia ospatzeko. Eguneko egitaraua dantza batzukaz osotzen zan “.
Ondare etnografiko garrantzitsua
Gero eta bizkorragoa eta ziklo naturaletatik deskonektatuagoa dan mundu honetan, Urkiolako erregutea mantendu egiten da denporan zehar. Esker ona, balio unibersala eta denporaz kanpokoa esan gura dauen praktika modura bizi da.
Parte-hartzeak gora beherak euki badauz be, hamarkadak aurrera egin ahala, tradizinoak jarraitzen dau. Azken urteotan meza bat ospatzen da. Gaur be horixe egin dabe, 11:00etan eta ondoren, lunch bat izan dabe.
Gaur Mañarikoen errogatiba Urkiolara. Bihar Abadiñokoa #Urkiola #Rogativa #Mañaria pic.twitter.com/ZCAAi45dKt
— Diócesis Bilbao (@DiocesisBilbao) August 29, 2025
Esker ona Felix eta Kontxiri
12 urtez Abade-Etxeko zaindariek Juanjo Elezkano eta Mikel Azpeitia abadeei pasauko deutsee lekukoa domekan. Biak Euskal Misioen topaleku izan dan etxean biziko dira, non fedea, kultura eta natura alkartzen diran.
Mañariko alkarteak eskerrak emon deutsez Felix Morenori eta haren emazteari urte honeetan guztietan eskaini deutseen hurbiltasunagaitik, arretagaitik eta harreragaitik. Landare bat eta udalerriari buruzko liburu bat emon deutsiez.
BIhar, Abadiño
Abuztuko azken zapaturo lez, bihar Abadiñotik Urkiolarainoko erregutea egingo da. Igaz ez zan San Rokeren irudia prozesinoan igoteko bolondresik aurkitu, baina aurten ohitura berreskuratu ahal izan da.
Jardunaldia 9:00etan hasiko da. Kontzentrazinoa egingo da Andra Mari ermitan, Muntsaratzen, Urkiolarainoko ibilpideari ekiteko. 10:20an. Txakurzulon, hamaiketakoa partekatuko dabe ibiltaldiagaz jarraitzeko. Santutegian, 11:30ean, meza ospatuko da, Alex Alonso lurraldeko bikarioa buru dala. Ez dira faltako Talde Batuak eta Txanbolin taldeen dantzak.
Ospakizunak 14:00etan jarraituko dau, jubiladuentzako bazkari herrikoiagaz. Bazkalondoa Santi Soinujolea erromeriak alaituko dau. Ekitaldia 20:00etan amaituko da, Txanporta plazan, Lotxo Taldearen zuzeneko musikagaz.