Fundazinotik azaldu dabenez, alkartasun eta gizarteratzearen arloan lan nabarmena egin izan daben norbanako eta gizataldeei -batez be Bizkaikoei- autorpen publikoa egitea da sarien helburua.
Aurreko urteetan autorpena jaso dabenen artean, behartsuenen aldeko laguntzan nabarmendu izan diran erakunde eta norbanakoak dagoz, esate baterako: Aita Mari etorkinen erreskaterako itsasontzia, Santurtziko San Juan de Dios ospitalea, Caritas Bizkaia, Aita Angel, ETB Maratoia, Luis Lezama, Aspace, ONCE edo Jesus Perez Arrospide “Periko”.
Dirulaguntzak 2026an
Beste alde batetik, fundazinoak epea zabaldu barri dau 2026ko dirulaguntza eskatzeko eskariak aurkezteko epea eta urriaren 31an amaituko da epe hori.
Menchaca fundazinoak aspalditik dihardu Bizkaian eta Euskadin ekintza solidarioak diruz laguntzen. Urtero, 156.000 euro inguru banatzen ditu alkartasunezko ekintzak burutzen dabezan erakundeen 30 egitasmo ingururen artean. Guztira, 550 gizarte egitasmo baino gehiagoi emon deutse diru-laguntza eta 4 miloe eurotik gora erabili izan ditu horretarako. 1974an sortu eban fundazinoa Antonio Menchaca Careaga bilbotar idazle eta filantropoak Antonio Menchaca de la Bodega bere aitaren oroimenez eta iaz 50. urteurrena ospatu eben.
“Antonio Menchaca sari eta dirulaguntzen helburua ez da hainbeste entzutea daben gke gitxi batzuk autortzea eta finantzatzea, erakunde txiki askori laguntzea baino, alkartasunezko egitasmo oinarrizkoak, anitzak, zehatzak, ikugarriak eta neurgarriak garatu daiezan. Fundazinoaren patronatuak zuzeneko jarraipena egiten deutse ekintza horreei”.