02-10-2025 Jueves, I semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Lurrikara Filipinetan: “Itzelezko sustoa izan da”
02.10.2025

Lurrikara Filipinetan: “Itzelezko sustoa izan da”

Epizentroa Cebu uhartearen kostaldearen parean izan dauan 6,9 neurriko lurrikarak astindu eban atzo -martitzena- Filipinetako erdialdea. Hango 21:59ak ziranean gertatu zan lurrikararen eraginez, gitxienez 69 lagun hil dira, eta zaurituak asko dira eta kalte materialak, esanguratsuak, bertako agintariek esandakoaren arabera. Emergentzia hori bizi izan dauan Jose Agustin Maiz abade ondarrutarrak bere esperientziaren barri emon deusku: "Itzelezko sustoa izan da. Zorionez, gu ondo gagoz". Abade bizkaitarra Cebun dago egunotan, «Lihuk Panaghiusa» GKEaren sorreraren 30. urteurrena ospatzera joanda.

Jose Agustin Maiz Lekeitioko parrokoa urte luzez misiolari izandakoa da lurrikarak ohikoak diran lekuetan, esate baterako Perun edo El Salvadorren, baina bere esanetan, “sekula ez dot holakorik sentitu”. Gaueko hamarrak inguruan, jentea lotan egoala gertatu ei zan lurrikara eta abadeak esan dauanez, “argia joan egin zan arren, laster bueltatu zan”.

Era dagoan lekutik 50 kilometrora, “egoera negargarria” dala dino. Azaldu dauanez, kalte garrantzitsuak izan dira herrialdea espainiarren kolonia zanean eraikitako hainbat eleizatan, kolapsatu egin dira-eta. Gainera, eta hauxe a larriena, “60 lagun baino gehiago hil da”.

Maizek Filipinetara egiten diharduan bisitaren helburua, Euskal Eleizbarrutietako Misinoen Ordezkaritzari azaldu deutsanez, «Lihuk Panaghiusa» GKEari hogeta hamar urteko lanagaitik autorpena egitea da.

Maizek Miguel Remirez eta Filipinetako emakume boluntario batzukaz batera sortu eban erakundea da. Cebuko bazterreko inguruetan “ebanjelioaren mezu sozial eta erlijiosoa gauzatzea” da GKE honen helburu nagusia.

Jose Agustin Maiz Filipinetan
Jose Agustin Maiz San Roquen (Filipinak)

Kaltetuen ondoan

Maizek nabarmendu dauanez, erakundeak egiturazko arazoei aurre egiten deutse, esate baterako, “desnutrizinoa, eskolatze-eza, azpienplegua eta bizitzeko baldintza penagarriak”, kokaleku informaletan. Heziketa-bekak dira euren esku-hartzearen ardatz nagusi, matrikularen kostuak, eskola-materiala eta eskolaz kanpoko jardueren bidez balioetan heztea barne hartuz. 

Lurrikararen testuingurua

Barri ofizialen arabera, Estatu Batuetako zerbitzu geologikoak Calape uriko kostaldearen parean kokatu eban lurrikararen epizentroa. 

Bogon, 90.000 biztanle dituan urian, kalte handiak izan dira, eraikinak jausi dira… San Remigio be kaltetuenen artean dago eta bertako alkateak larrialdi-egoera ezarri eban eta jakiak eta urak eskatu ditu desplazatuentzat.

Ferdinand Marcos Filipinetako presidenteak doluminak adierazo eutsezan biktimengaitik eta gobernuaren aldetik erantzun bizkorra agindu eban. Uharteko ospitaleak gainezka dagoz, asko izan dira-eta bertaratutako zaurituak.

Terremoto Filipinas