23-10-2025 Jueves, XXIX semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Zortzi leiho inklusinoari: deialdia Bilboko Gizarte Jubileurako
23.10.2025

Zortzi leiho inklusinoari: deialdia Bilboko Gizarte Jubileurako

Mundu osoko Eleizak, baita Bilboko eleizbarrutiko parrokia guztietan be, ospatuko dau Pobreen Munduko Eguna azaroaren 16an. Baina hemen, bezperan be ekitaldi esanguratsua izango da: Gizarte Jubileua ospatuko da III. eta VII. bikaritzetan. Ahuleziazko zortzi egoeraren inguruko esperientzia-tailerrak garatuko dira. 

Azaroaren 16an mundu osoko Eleizak Pobreen Munduko Eguna ospatuko dau -Bilboko eleizbarrutian be parrokia guztietan bizi izango da- eta Bilbon bezperan gizarte eta esperientzia kutsuko ekitaldi esanguratsua ospatuko da azaroaren 15ean, barikuz. III. eta VII. bikarizek Gizarte Jubileua antolatu dabe ekitaldi bereziagaz. Tailer praktikoen bidez, bazterketaren isla diran zortzi errealitate zehatzetan murgilduko dabez partaideak. Sufritzen dagozan pertsonei Bizkaiko Eleizak eroaten deutsezan itxaropen eta konpromisozko zantzuak agertzea da helburua. 

Zuzeneko entzute eta alkartzerako ibilbide lez eratu da ekimena. Egunari hasiera emoteko San Nikolas eleizan batuko dira 10:00etan. Handik abiatuko dira taldeak errealitate honeek zuzenean ezagutzeko eta gero barriro alkartuko dira guztiak gotzaina buru dala Bilboko Santiago katedralean 11:30etan egingo dan ospakizunean.

Zortzi tailerrak: kartzela, bizilekurik ez izatea…

Partaideek zortzi errealitate bisitatuko dabez. Adituen azalpenn eta lekukotasunen bidez, arazo jakin horretan sakonduko dabe.

  1. Kartzelan dagozan pertsonak (Bidesari eta Kartzela Pastoraltzaren eskutik)

  2. Mundu-mailako alderdia (Misinoen eskutik)

  3. Behartutako bakardadea (Caritasen eskutik)

  4. Adimen-oasuna (Argia Fundazinoaren eskutik)

  5. Migrazinoak eta alkarte abegitsuak (Migrazinoetarako Pastoraltzaren eskutik)

  6. Bake eta Adiskidetzerako eleizbarrutiko Batzordea

  7. Desgaitasunetarako Pastoraltza

  8. Bizilekua (Caritasen eskutik)

Une garrantzitsua Itxaropenaren Jubileuan

Egun hau esanguratsua da eleizbarrutiko Gizarte Jubileuan. Bikaritza guztietako alkartasunezko konpromisoak batu dituan itxaropenaren “txalupa” izango da protagonista katedraleko ospakizunean, alkartasunezko katean alkarte osoaren batasuna sinbolizatuz eta gure bizarteko kanpoaldeetan haragitzen dan itxaropen eraginkorraren lekukotasuna emonez.

Lagungarriak gazteentzat

Egun hau dala-eta, ume eta gazteentzako eleizbarrutiko sailetik eurentzako lagungarriak prestatu dabez, jolasaren bidez itxaropen-zantzuak agertzera emoteko.

Pobreen Munduko Egunerako mezua

Aurton, “Jainko Jauna, Zu zaitu itxaropen” (Sal 71, 5) goiburuaren haritik ospatuko da Pobreen Munduko Eguna. Kristau itxaropena, “itxaropenaren Jainkoarengan” eta Kristoren agintza zintzoan oinarritzen dalako, huts egiten ez dauan ziurtasuna dala nabarmentzen dau mezuak.

Sarritan egiturazko arrazoien ondorio dan pobretasunaren aurrean, zera gogoratu deusku Leon XIV.a Aita Santuak “pobreek jasaten daben bazterkeriarik txarrena, arreta espiritualik ez izatea da”. Gainera, bere esanetan, “pobreari laguntzea zuzentasunezko kontua da karitatezkoa baino lehen”. Egun honetan, dei egin gura jaku besteen oinazera ohitu ez gaitezan, pobreak lehenetsi daiguzan pastoralgintzan egile eta eragile lez eta “itxaropenaren zeinu eraginkor” izan gaitezan fedetik sortzen dan karitateak eraginda konpromiso zehatzak hartuz.