03-11-2025 Lunes, XXXI semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Aurkikuntza bat Alkarren Barri aldizkariaren azalean
01.11.2025

Aurkikuntza bat Alkarren Barri aldizkariaren azalean

Eleiz Museoko taldeak oraintsu Sopuertako eleiza baten hondakinen artean aurkitu dauan Jose Larrea eskultorearen irudia ikusi daiteke Alkarren Barri aldizkariaren azaroko alearen azalean. Hain zuen be, alkarrizketen sailean, Raquel Cilla Eleiz Museoko zuzendari barriari eta bere aurretik kargu horretan izan dan Juan Manuel G. Cembellini egindakoa nabarmentzen da. 

Aurkikuntza, joan dan ekainean, XX. gizaldiaren erdialdetik erortzeko zorian dan eleizaren hondakinen artean gertatu da. Jose Larrea bilbotar eskultore entzutetsuaren eskultura da aurkitutakoa. Zaharbarritu ondoren, Eleiz Museoan izango daikusgai. Azalean agertzen dana, aurkitu ebenean irudiari egindako argazkia da.  

Alkarrizketak

Migrazinoetarako Espainiako Gotzainen Batzarreko Saileko zuzendariak askotariko testuinguruetan -Bangladesh, Amazonas edo kartzelak- bizi izandako esperientzien barri emon dau. Fernando Redondo bildur barik abegi egiten dauan, alkarteak eratzen dituan eta “Abegi Atlantikoa” edo etorkinen erregularizazinoa lako egitasmoak sustatzen dituan Eleizaren alde egiten dau. 

Martin Pinillos Santiago katedraleko koruko zuzendariak musikatik haraggo doan egitasmoaz hitz egin dau: heziketa da, alkartea, otoitza. Tailer bokal eta liturgikoakaz, eta lehenengo aldiz emakume musikagileen lanak sartu dituan errepertorioagaz, Kaperak “katedral maite honetan arrastoa itzi gura daben” ahots barrien bila dihardu.

Gazteen ahotsa

Gazteak sailean, alkarregaz “gazte-plana”, alkartean gazteei ahotsa eta lekua emon gura deutsen egitasmo estrategikoa, landu eben I. bikaritzako gazteen topaketaren barri emon da. “Eleizan kide eraginkor” izatea da euren nahia. Portugaleten 40 gaztek bizia ospatzeko eta fedean sakontzeko egin daben erretiroaren ingurukoak be kontatu dira. 

Artea eta ondarea: ondasun bizia

Artea sailean, ondarerako Burgos eta Bilboko arduradunen arteko alkarrizketan, gizarte sekularizatuan eleiz artea zaintzeak eta arte horri zentzuna emoteak dakarzan erronkak agertzen dira. Eleiz arte horrek bizirik iraun behar dau eta euren arrima transmititu egin behar da. 

75 urte, historia eta etorkizuna

Eleizbarrutiaren urteurrenean, euskal eleizbarrutiek Estibalizko santutegian ospatu eben ekitaldiaren ingurukoak be jaso dira ale honetan. Eta azaroaren 9an katedralean ospatuko dan amaierako Eukaristia be iragarri da. Atzera esker onez eta aurrera itxaropenez begiratzeko unea da.