Aldizkariaren azaleko mizua apaingarri eta argietatik harago doa eta Gabonen benetako esanahian murgiltzeko deia da.
Alkarren Barri aldizkariak Jesusen jaiotza prestatzea prosatzen dau, aldi honen sen nagusia agertuz: bihotzean, familian eta gizartean jaiotzen dan ume honi abegi egin.
Gabonak funtsezkoagaz “osotzeko” dei hau sendotzeko, On Joseba Segura gotzainak sinatutako postala agertzen da. Jesus Umea agertzen da bertan, askotariko kolore eta ehunez jantzita, kulturartekotasunaren aberastasuna sinbolizatuz.
Irudi ahaltsu honen bidez, Betleemen jaiotzen dan Jainkoa herri eta kultura guztientzat eta “gure oinok bake-bidean zuzentzera”, jaiotzen dala nabarmentzen dau,

Jubileuaren amaiera Bizkaian
“Itxaropenean erromes” Jubileu urtearen amaierak be leku nabarmena dau aldizkarian. Abenduaren 28an, Santiago katedralean ospatuko dan esker oneko Eukaristiaren barri emoten da. Era berean, Gizarte Jubileuen lana nabarmendu da, jarduera horreetan Bizkaiko Eleizeak ahulenen aldeko konpromisoa barritu dau-eta, aita santuak Pobreen Munduko Egunean egindako deia entzunez.
Barne prozesua eta begirada etorkizunera
Erakunde-barritzea da Alkarren Barri aldizkariaren ale honetako beste azpimarretako bat. Bikario-karguak barritzeko martxan jarritako prozesuaren zehaztasunak emoten dira. Aldi bitan egingo da 2026ra arte iraungo dauan ibilbide hau eta partaidetza eta ardurakidetasunean oinarritutako eredua agertzen dau.
Etorkizunari ere begiratu jako, Eleizbarrutiaren 75. urteurrenari lotuta. Urteurren honen amaiera-ekitaldiaren ingurukoak jaso dira eta, iragana eta etorkizuna, hau da, esker ona eta itxaropena lotzen dituan kutxaren sena azaltzen. Kutxa horretan gorde da, besteak beste, On Joseba Segura gotzainak 2050eko sinistedun eta herritarrei idatzi deutsen gutuna.
Abendu- eta Gabon-aldirako lagungarriak
Familia eta alkarteei prestaketa espirituala ahalbidetzeko, Fede-zabalkunde eta Katekesirako ordezkaritzak eta Caritas Bizkaia erakundeak Abendu- eta Gabon-aldirako prestatutako laguntarriak aurkeztu dira aldizkarian. “Sein bat aurkituko dozue, oihaletan baturik eta askan etxunda” txatala daroe goiburutzat eta kontaketa txikiez eta otoitzez osotuta dago.
Beste gai batzuk
Gazteen sormen eta fedearen isla, “En Belén de Judá” Gabonetako musikalaren barri emon da; artearen bidez ebanjelizatzeko eta ospakizuna eragin eban historia berreskuratzeko nahiaren emaitza da. Jose Fernando Almazan HOAC mobimentuko presidente ohiak, bere aldetik, kristau lekukotasunaren inguruan gogoeta egitera deitzen gaitu alkarrizketa baten, bategitearen eta akonpainamenduaren garrantzia nabarmenduz.
Azken baten, Alkarren Barri aldizkariaren Gabonetako aleak dei egiten deusku: geratu, hausnartu eta gure eta alkartearen “aska” benetan garrantzitsua danaz bete dagigula, hau da, itxaropenaz, abegiaz, zuzentasunaz eta, batez be, gure artean egoteko pobretasunean jaiotzen dan Jainkoaren agerpenaz bete dagigun.






