Auzi Kuria edo Eleiz Auzitegiak epai-agintearen gauzatzean laguntzen deutso eleizbarrutiko gotzainari eta lehen instantziako auzitegi arrunta da eleiz fueroari dagokiozan eta beste auzitegi batentzat gordeta ez dagozan auzietarako. Auzitegi honek ezkontzaren deuseztasunerako prozesu kanonikoak tramitatzen ditu batez be.

Eleiz auzitegian, kontsulta doan egin daiteke: ezkontzaren deuseztasunaren adierazpenerako prozesuan aholku emoteko eta, dagokionean, izapideak egiteko zerbitzua. Horretarako, nahikoa da hartu-emonerako orria bete eta hitzordua eskatzea.

Ekuatore Gineatik Bilbora
Epai bikario izendatu barriak Alkarren Barri aldizkariari eskainitako alkarrizketan kontatu ditu Ginea Ekuatoretik Bizkaira etorri zaneko kontuak.
1965ean jaio zan Basile Fernando Poo uharteko herri txikian (gaur egun Bioko, Ekuatore Ginean). Familia apalekoa, makina bat bider egin ebazan 6-8 kilometro eskolara oinez joateko. Erlejino eta gizarte arloan jakin-mina eban gaztea izanda, Espainiara etorri eta Cuencako seminarioan sartu zan. Bere herrialdera bueltatu eta Malaboko katedraleko parroko izan zan eta Caritaseko zuzendari be izan zan Teodoro Obiang Ngemaren agintepean ustelkeriaz beteta egoan herrialdean. Bubi etniako gazteek antolatutako matxinadan kolaborazionistatzat salatuta, 3 urte emon ebazan preso eta 2001ean amnistiatu eben. Ekuatore Ginean bere egoera jasanezina zanez, Madrilera erbesteratu eta 2005ean Bilbora heldu zan.
Zuzenbide Kanonikoko ikasketak ebazanez, parrokietan jarduteaz gainera, Eleiz Auzitegian laguntzeko eskatu eutsoen, lehenengo abokatu egonkor lez, gero Loturaren Defendatzaile lez, gero epaile lez, azken urteetan auzi bikario laguntzaile lez eta orain, auzi bikario lez.







