14-02-2026 Cirilo monje y Metodio obispo, patrones de Europa
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Orozkoko dagerrotipoa, Bizkaiko irudirik zaharrena
14.02.2026

Orozkoko dagerrotipoa, Bizkaiko irudirik zaharrena

Orozko bailararen goialden, Manzarbeitia baserriaren ondoan, 1856an eraiki zan San Isidro ermita dago. Fatxadaren harri-horma apaleko eraikina da, kanpai-horma neoklasikoagaz, itxura baten aparteko nabarmentasun barik, baina, urteak joan eta urteak etorri, sekulako altxorra gorde izan da barrualdean: Bizkaiko dagerrotiporik zaharrenetakoa. Ermitaren eraikuntzarako funtsezko diru-laguntza emon eban Juan Antonio de Sagarminaga irudikatzen dau. Gaur egun, Eleiz Museoan jarrita dagoan "Bizkaiaren espiritua" aldi baterako erakusketan ikusi daiteke argazki baliotsu hau. 

1856an hartutako irudiaren berezitasuna ez da pertsonaia bakarrik, euskarria baino: dagerrotipoa. Historiako lehenengo argazki-teknologia da, sasoi haretan Europan hedatzen hasitakoa.

Gertaera barri baten protagonista dala sumatzen dauanaren seriotasunaz jarrita dago Sagarminaga. Izan be, halantxe zan, seguruenik Bizkaian lehenengo aldiz atara jakon argazkiaren protagonista zan.

Alberto Santana historialariak Bizkaiko Foru Aldundiko Artxibo Historikoan aurkitu eban irudia 2017an.

San Isidrori eskeinitako ermita

 Baina San Isidro ermita ez da argazki bitxi hau barne hartu izan dauan eraikin hutsa. Bere historia be berezia da. 1856an eraiki eben nekazarien zaindariari leku bat eskeini gura izan eutsoen bailarako auzotareen ekimenez. Baserri-giroko eta elizkoi zan sasoi haretako Orozkon, San Isidro Laboraria zan nekazarien lagun eta zaindari. 

Eraikina, Bizkaiko mendietan hedatuta dagoan landa-eremuko arkitekturaren emaitza da: nabe bakarra hiru ataletan banatuta, abside poligonala, horma-harrizko hormak harlanduz sendotuta kantoi eta hutsarteetan. Eleizpearen azpian, haize eta euritik babestuta, auzoko eskola izan zan sasoi baten.

Barrualdean, erretaula neogotiko txikia eta sagaratu zan urte berean landutako hareharrizko bateoarria dagoz. Guzti hori ikusita, eremu hau, kultu-etxea izateaz gainera, Manzarbeitiako alkartearen bihotza zala esan daiteke.

San Isidro ermita (Orozko)

Orain, Museoan

Gaur egun, Sagarminagaren dagerrotipoa Eleiz Museoan dago ikusgai aldi baterako. Erakusketa, 2026ko maiatzaren 10era arte egongo da zabalik. 

Beraz, erakusketa itxi arte, argazkira hurreratu daitezanek atzera egin leikie 1856ra arte eta kameraren objektiboaen bidez bere buruari begiratzen hasi zan Bizkaia aurkituko dabe.


Una de las fotografías más antiguas de Bizkaia procedente de Orozko (Foto. Diócesis de Bilbao)

Hemen argitaratuta: Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: Ermita, Orozko