05-03-2026 Jueves, II semana - cuaresma
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bihar bistaratuko da Balmasedan Enkarterriko emakumeen arrastoa
04.03.2026

Bihar bistaratuko da Balmasedan Enkarterriko emakumeen arrastoa

Gotzaina izango da bihar Klaret antzokian, 18:30etan ospatuko dan ‘Lorratz biziak - Huellas en comunidad’ ekitaldian. II. bikaritzak eta Langile Pastoraltzak antolatutako ekitaldiak azken hamarkadetan lan, gizarte eta eleiz aldaketa sakonak bizi izan dituan Enkarterriko landa-eremuko emakume langileengan jarriko dau arreta.

Bilboko eleizbarrutiak ekitaldi berezia ospatuko dau bihar -martxoak 5, eguena-, Emakumearen Nazinoarteko Egunaren inguruan. Aurreko zortzi ekitaldietan ez bezala, oraingoan uriburutik atara dabe ospakizuna, lurraldeetan egiteko. 

‘Lorratz biziak-Huellas en comunidad’ goiburuaren haritik ospatuko da gaur arratsaldeko 18:30etan emakumeen autorpenerako ekitaldia Balmasedako Klaret antzokian, On Joseba Segura gotzaina buru dala. 

Helburua, “begirada aldaketok bizi izan dabezan eta bidi dabezan emakumeengan jartzea” da eta lanean, familian eta kristau alkartean egin daben ekarpena autortzea.

Balmaseda aukeratu izana, sarritan isilean egon dan errealitatea bistaratzeko izan da: hurkotasunak eta auzo-sareak alkarte-sena sendotzea dakarren inguru txiki hareetan familia, lan, gizarte eta eleiz bizitza buztartu izan daben emakumeena.

Lau lekukotasun

Ekitaldian, mahai-ingurua izango da, Elena Unzueta Caritas Bizkaia erakundeko zuzendari eta inguruko bizilaguna moderatzaile dala lau emakumek euren lekukotasuna emongo dabelarik: Caritaseko boluntario dan eta parrokian jardunean diharduan Gordexolako Marisolek; alkarte bizitzan eta askotariko gizarte ekintzetan konprometituta dagoan Sopuertako Ana abokatuak; Ekintza Katolikoko Langile Ermandadeko (HOAC) militante eta liturgiarako parrokiako arduraduna dan Zallako Aureliak eta Diputazinoan aldi baterako dauan lana eta katekista-lana buztartzen dituan Teresa mexikarrak. 

Musika, artea eta baterako keinua

Inguruko kontuetan oso konprometituta dagozan emakumeez osotutako Karrantzako Abesti Lagunak abesbatzak parte hartuko dau. Mahai-inguruaren ostean, partaideek otoigarri bat jasoko dabe: autorpen honegaz bat egin gura izan dauan Natxo Etxebarria diakono eta margolariak egindako koadroa. 

Ekitaldiari amaiera emoteko, partaideak plazara atarako dira pankarta eskuetan dabela, ekintza sinbolikoa burutuz.

Nabarmendu barik, eguneroko jardun isiletik, alkarteari eutsi eta alkartea egin dauan hainbat eta hainbat emakumeri autorpena eta esker ona adierazo gura deutse, beste behin be, Bilboko eleizbarrutiak. Aukera ona izango da euren ahotsak entzuteko eta Eleizan eta gizartean izten diharduen arrastoa autortzeko.