09-03-2026 Lunes, III semana - cuaresma
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Erlejino-askatsuna munduan txostenaren aurkezpena Bilbon
09.03.2026

Erlejino-askatsuna munduan txostenaren aurkezpena Bilbon

Laguntasuna Beharrizanean dan Eleizari Aita Santuaren Fundazinoak Erlejino-askatasuna munduan 2025eko txostena aurkezuko dau bihar, 19:00etan, Pilareko Andra Mari parrokian (Iparragirre, 58). On Joseba Segura Bilboko gotzainak, Jose Fernandez Crespo sustapenerako ACN Espainiako zuzendariak eta aita Patrick Akpabio Nigeriako abadeak esku-hartuko dabe ekitaldian. 

Laguntasuna Beharrizanean dan Eleizari dalakoak aurkeztutako azterlanak askatasun erlijiosoaren oinarrizko eskubidearen egoera aztertu dau. Munduko herrialde guztiak eta sinismen guztiak barne hartu ditu. Leon XIV.a Aita Santuari aurkeztu deutse eta honek esker ona adierazo deutso ACN erakundeari: “Askatasun erlijiosorako eskubidea ez da aukerakoa, funtsezkoa baino”. 

Erlejino-askatasuna larriki bortxatzen dan mundu osoko herrialdeetan bizi dira 5.400 miloe lagun baino gehiago, hau da, biztanleriaren heren bi inguru. Hauxe da, besteak beste, Erlejino-askatasuna munduan 2025eko txostenaren ondorio nagusienetako bat. 

Giza eskubide honen aldeko jardunean 25 urte bete dituan txostenaren arabera, erlejino-askatasunaren eskubidea desagertzeko arrisku larrian dago. 

2023ko urtarril eta 2024ko abendu bitartean, aztertutako 196 herrialdetatik 62tan, erlejino-askatasuna larriki bortxatzen da. Hogeta lau herrialdetan, jazarpena dago bortxaketa larri eta sistematikoakaz eta honek eragin larriak ditu 4.100 miloe lagunengan, esate baterako Txinan, Indian, Nigerian eta Ipar Korean. Gainerako 38 herrialdetan, herritarrek bereizkeria jasan leikie erlejino-arrazoiengaitik eta honek 1.300 miloe lagunengan dau eragina.

Nagusikeria

Txostenean jasotzen danez, nagusikeria da erlejino-jazarpenaren eragile nagusia. Erregimen autoritarioetan fededunen aurkako gero eta zapalketa handiagoa bultzatu dabe. Txinan, Iranen, Eritrean edo NIkaraguan, besteak beste, gobernuek kontrol-sistemak ezartzen dabez alkarte erlijiosoen gainean, euren kultu-askatasuna mugatu egiten dabe eta disidentzia espirituala zigortu. Gobernu autoritarioak dira jazarpenaren arrazoi nagusi 19 herrialdetan, eta bazterketazko egoerak dakarrez beste 33tan.

 Nazinoarteko agiria

Sinisteko eskubidearen aurkako mehatxu orokorraz jabetuta, Laguntasuna Beharrizanean dan Eleizari erakundeak, lehenengo aldiz, nazinoartean sinadurak batzeko kanpaina jarri dau martxan mundu osoan dituan 24 bulegoetan. 

El papa recibe el informe (Foto: Vatican media)

Hemen argitaratuta: Gotzaina, Lehenengo Orrialdea

Honan etiketatuta: ACN