Datorren astelehenez, irailak 5, egingo deutse omenaldia Maximo Guisasolari, Vincesen (Ekuador).

Maximo Guisasola 1948ko urriaren 12an abiatu zan Madriletik hegazkinez Ekuadorrerantz.Euskal Herriko eleizbarrutietako zortzi abadez -Maximo Guisasola, Elías Zuloaga, Víctor Garaygordovil, Leandro Zaloña, Eusebio Ocerinjáuregui, Gregorio Alonso, Francisco Arraibi eta Luis Alberd-i osotutako talde-buru zan bera, orduan Gasteizko Seminarioan Filosofiako gidari espirituala zana. 1948ko urriaren 16an heldu ziran Los Riosera.
Euskal gotzainek Guisasola izendatu eben talde-buru. Vincesen bizi izan zan eta inguruaan ebanjelizazinoa bultzatu eban. Abuztuaren 9an, Santa Teresita del Niño Jesus ikastetxea inauguratu eban, hamarkada askotan ume kaltetuenen aldeko heziketa-bitarteko nagusi izan zana.
Astebeteko egitaraua, Vinces epizentrotzat hartuta
On Joseba Segura gotzaina irailaren 3an, eguenez, helduko da Ekuadorera, Paulino Ordax misiolariagaz batera. Aurretik joango da Manuel Heredia Misinoetarako Bilboko Eleizbarrutiko ordezkaria gainerako eleizbarrutietako misinoetarako ordezkariakaz batera eta eurak arduratuko dira harreraz.
2024ko martxotik aurrera, Bilboko gotzaina da Misinoetarako eta Eleizen arteko Lankidetzarako Espainiako Gotzainen Batzarreko Gotzain Batzordeko presidente eta horregaitik, Bilboko eleizbarrutia da euskal ordezkaritzaren buru omenaldian. Gainera, Bilboko gotzainak baditu loturak Ekuadorregaz: alde batetik, 2006 eta 1017 bitartean, pastoral lana burutu etan Quiton eta herrialdeko Caritasegaz lankidetzan jardun eban; bestetik, gotzainaren amaren aldeko sendia, Zeanurikoa da, Maximo Guisasola lez.

Euskal Eleizbarrutietako Misinoetarako ordezkaritza irailaren 8ra arte egongo da Ekuadorren. Besteak beste, gizarte jantokiak, eskolak, santutegiak eta parrokiak bisitatuko dabez Babahoyo, Quevedo eta Ricaurten. Ekitaldi nagusia, omenaldia, irailaren 5ean izango da Vincesen, hemen jardun ebalako Guisasolak misino-lanetan eta bertan dagoalako hobiratuta.
Errespontsua eta oroitzapenezko plaka
Irailarne 5ean, Eukaristia ospatuko da 10:00etan, Maximo Guisasolaren heriotzaren 75. urteurrenean, berari omenaldia egiteko eta esker ona adierazoteko. Gero, errespontsua egingo da bere hilobiaren aurrean eta oroitzapenezko plaka bistaratuko da. Muralen erakusketa eta kultur ekitaldia be izango da San Lorentzo parrokiako jolastokian -misiolaria hobiratuta dagoan lekuan.
Arratsaldez, Babahoyora bueltatu eta On Joseba Segura gotzaina buru izango da katedralean ospatuko dan Eukaristian. Gainra, Mesedetako Andra Mariaren jaien pregoian, plaka bistaratuko da. Azkenean, egunari amaiera emoteko, uriko abadegai eta abadeakaz solasaldia izango dau.
Los Rioseko Eleizbarrutiak, Vinceseko San Lorentzo parrokiak eta euskal misino-taldeak batera antolatu dabez ekitaldiak eta Babahoyoko Eleizbarrutiaren sorreraren 32. urteurrenagaz batera ospatuko dira.
Lehenengo euskal espedizinoaren ondarea
Lehenengo espedizino ha euskal misino-bokazinoaren hazia izan zan. Los Rioseko misinotik, El Oro eta Manabira hedatu zan eta, ondoren, Venezuela, Brasil eta Txilera. Gainera, misino-bokazinoa Angola eta Zairera -gaur egungo Kongoko Errepublika Demokratikoa- eta Ruandara be heldu zan.
1951ko irailaren 10ean hil zan Guisasola eta handik bederatzi egunetara argitaratu zan Digni sunt bulda, Los Rioseko Bikariotza Apostolikoa Prelatutza bihurtzea ekarri ebana. Holan, misino-lurralde izateari itzi eta berariazko eleiz jurisdikzino bihurtu zan.
Guisasolak ez eban autorpen juridiko hau ezagutu: 1951eko irailaren 10ean hil zan. Salerosgai eta bidaiariak eroazan ibilgailuan joian Vincesera eta “Petrillo” izeneko inguruan, Daulerako bidean, talka egin eben zisterna-kamioiagaz. Bere sotanaren zati bati esker jakin eben bera zala eta Vinceseko San Lorentzo eleizako sarrera nagusian lurra emon eutsen bere gorpuzkiari. Alkarteak, gaur egun be, debozinoz bisitatzen dau bere hilobia.







