23-11-2024 Sábado, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Ebanjelizazinoa 5 Erromesaldiak

Santiagoko Biderako eta Erromesaldietarako Eleizbarrutiko Saila

Pastoral laguntza eskaintzen dau Santiago Bidea eta beste hainbat erromesaldi itxaropenez betetako bide gizatiar-espiritualaren esperientzia lez bizi izateko

Gehiago jakiteko eta hartu-emonerako

Arduraduna: Patxi Malo
Tl.: 679 184 335
Emaila: caminosantiago@bizkeliza.org

Nor gara?

Santiago Biderako eta erromesaldietarako Bilboko Eleizbarrutiko Ordezkaritza

Erromes maitea.

Gotzainak Bilboko Eleizbarrutiko sail honen esku itzi dau Santiagora zein beste edozein santutegira doan eta gure zerbitzua behar dauan erromesari dagokion pastoral arreta eskaintzeko ardura.

Santiago Biderako eta erromesaldietarako Eleizbarrutiko ordezkaritza hau boluntarioez osatuta dago eta geu arduratzen gara zuri eta erromes guztiei zuzendutako ekimen eta ekintzak koordinatzeaz. Pastoral laguntza eskaini gura deutsugu erromesaldiaren esperientzia itxaropenez betetako bide gizatiar-espiritual lez bizi daizun. Web orrialde honeta jasotako informazino hau lagungarri izango ahal da zure erromesaldian.

Lehenengo eta behin, zer da erromes joatea?

Ez da gauza bera erromes joatea eta turismo egitea. Alde hori egiaztatzeko, nahikoa da Santiago de Compostelara joatea erromesak zeintzuk diran jakiteko eta turistengandik bereizteko. Begietan nabaritzen jake…

Erromes joatea, erromesbidea egitea da, hau da igarotzea non kanpoko bidea egiten dan barruko bidea bizi ahal izateko. Benetako erromesaldian joatera zaroazan barruko jarrera da garrantzitsuena.

Erromesaldi guztiek, eta zer esanik ez Santiago Bideak, ibiltaria harrapatu egiten dauan magia berezia dabe. Magia dala esan daiteke, izan be, barneratzea, isiltasuna, izadiagazko bategitea, bakea, ahalegina, norbere buruaren hobetzea, zalantza eta bildurrak, adiskidetasuna, galderak, erantzuteko tartea, malkoak, barreak eta abar luze-luzea gauzatzeko eta garatzeko baldintzak izatean, Jainkoa bera agertzen dalako eta bihotza ikutzen deuskulako.

Izan be, norbaitek Bideari ekiten deutsanean, nahiz eta berak ez jakin, Jainkoak berak ekiten dio beragaz bideari, etapaz etapa lagun egiten deutso bidelagun ikusiezin lez. Jainkoaren akonpainamendu horrek, apurka-apurka, sutan jarten dau erromesaren bihotza Haren irrika eta nostalgiaz. Emauseko ikasleen pasartean kontatzen danaren antzeko zerbait gertatzen da (Lk 14, 13).

Jainkoa Bidean dan ala ez jakin gura dauana gonbidatu baino ezin dot egin: “etorri eta ikusi”. Ekin zure erromesaldiari!

Santiago bidea

Erromesaldia Santiago de Compostelara.

1. Nor da Santiago?

‘Santiago’ edo ‘Donejakue’ izena ‘Iacobus’ (San-Iago  San-tiago  Done-jakue) latineko hitzaren eratorpen etimologikoa da. Era berean, latineko izenaren jatorria “Jainkoak sarituko dau” adierazoten dauan ‘Jakob’, ‘Yeagob’ izen hebrearrean datza.

Santiago hamabi apostoluetako bat da. Santiago Nagusia deitzen da, Jesusen senidea zan Santiago Alfeokoarengandik bereizteko. Betsaidan jaiotako Santiago Nagusia laugarren ebanjelioa egiletza egozten zaion Joan izeneko beste ikasle baten anaia zan. Arrantzaleak ziren, Pedroren laguntzaile Kafarnaumen. Jesusek bere atzetik jarraitzeko deitu zituen: “Aurrerago, beste anaia bi ikusi zituan, Santiago eta Joan, Zebedeoren semeak, aitarekin ontzian sareak konpontzen. Eta dei egin eutsen. Hareek, ontzia eta aita itzirik, jarraitu egin eutsoen” (Mt 4, 21).

Zebedeo anaiak izaera gogorrekoak zirala emoten dau, “Trumoi-seme” ezizenaz ezagutzen ebezalako. Apostoluen taldean nabarmendu egin ziran, Jesusen ondoan egonez lagunarteko uneetan eta pertsonaletan, esate baterako Itxuraldaketan. Ikasleen zerrendan, bigarren eta hirugarren lekuan izendatzen dira, Hamabien taldean eben garrantzia agertzera emonez: “Hamabi honeek aukeratu zituan: Simon –honi Pedro izena ipini eutson-, Santiago Zebedeorena eta Joan, Santiagoren anaia –honeei Boanerges izena ipini eutsen, hau da, «Trumoi-seme»” (Mk 3, 16-17).

Santiago Nagusia da martiri hil zan lehenengo apostolua, hain zuzen be, Herodes Agriparen eskutik 44. urtean: “Santiago, Joanen anaia, ezpataz hil eragin eban” (Eg 12, 2). Sekula ez eben esan non hobiratu eben. Herodesek hobiratzea debekatu ebala esaten da eta oroimen historikoan Erromatar Inperioaren lurraldeen mugetara eroan eta han hobiratu ebela gordeten da.

2. Zelan sortu zan Santiago Bidea?

IX. gizaldian, Espainia bisigotikoa suntsituta egoan. Errege kristau godoen barruko banaketen eraginez, gudaroste musulmanek penintsulan lehorreratu ziran 711n eta urte gitxiren buruan penintsula osora hedatu ziran. 732an, Carlo Magnok garaitu ebazan Poitiersen eta, Europan barrena aurrera egitea galarazota, Iberiar Penintsulan geratu ziran. Ihes egiteko aukera izan eben kristauak arrapaladan atara ziran santuen erlikiakaz, Asturias, Kantabria eta Galiziako mendietan babestuz. Zailtasun eta jazarpenezko testuinguru honetan, fede-zantzuak sekula baino beharrezkoagoak ziranean, 813an, Alfontso II.a Oviedon uriburua eban kristau errege zala, aurkikuntza gertatzen da: kristau hilerri oso zaharra, erromatar jatorrikoa. Erdian, hilobi bat beste hainbat hilobi gainjarrita, gizaldiz gizaldi, danek lehenengo hilobi horren ondoan hobiratzea gura izan balebe lez, apostolu eta martirien hilobien inguruan gertatzen dan lez. Hilerri hori bertan behera itzita egoan, arrazoi bitxiren batengaitik eta lurrez estalita eta gizalditako landaretzak ezkutatuta egoan.

Antzinako usadioaren arabera, Santiagok Hispanian predikatu eban (Zaragozan, Ama Birjina Pilaren baten gainean haragi hilkorrean Apostoluari agertu izana gurtzen da) eta beste usadio batek inoanez, bere gorpua Erromatar Inperioaren amaieraraino (Finisterre) eroan eben hobiratzeko; horregaitik, biak lotu eta lur eta landare artean ezkutatuta egoan hilobi ha Santiago Apostoluarena zala ondorioztatu eta barria Europan zehar zabaldu zan.

Alfontso II.ak Oviedon hasita egin eban ibilaldiak emon eutsan hasiera “Izar-solorako” (“Campo de estrellas”), Compostelarako erromesaldiari. Bera izan zan lehenengo Europatik eta, ondoren, mundu osotik Santiagora joandako ezin konta ahalako erromesen artean lehenengoa.

3. Zer da done Jakueren inguruko ekitaldia?

Jubileuko Urte santu Konpostelarra da eta Eleizak grazia espiritual bereziak emoten deutsez Santiago de Compostelara erromes doazanei. Ez da urtero ospatzen, Santiago eguna, uztailaren 25a, domekaz danean bakarrik. Done Jakueren lehenengo Urte Santua Kalisto II.a Aita Santuak iragarri eban 1122an, eta Alejandro III.ak berretsi 1179an, “Regis aeterni” Aita Santuaren Buldaren bidez betikotasuna emonez.

Santiago Bideko jubileu-graziak, hau da, parkamen osoa, Apostoluaren hilobira edozein bidetatik jo ondoren lortzen dira, Adiskidetzearen sakramentua hartu eta Eukaristia-ospakizunean jaunartzera joan ondoren.

4. Zer da ‘Compostela’

Eleiz agintariek emondako agiria da eta arrazoi erlijiosoengaitik erromes joan izana eta Santiago Bideko edozein ibilbidetan gitxienez ehun kilometro oinez edo zaldiz (200 km, bizikletaz egin ezkero) egin izana egiaztatzen dau.

Ez dira nahastatu behar done Jakueko Grazia jadestea eta ‘Compostela’ lortzea. Jubileuak berariazko eskakizun erlijiosoetan oinarrituta emoten deutso parkamen osoa erromesari, eta ‘Compostelak’ bitarteko jakin batzuez baliatuz eta markatutako distantzia batzuetatik Santiagorako bidea arrazoi erlijiosoakaz hartu dauala egiaztatzen dau. Hain zuzen be, Jubileua edozein bidetatik bidaiatuz irabazi daiteke eta posible da ‘Compostela’ jasotea Jubileua irabazi barik.

5. Zer da Parkamen Osoa?

Urte Santu Konpostelarra, Eleizak Parkamen Osoaren Jubileu-grazia, hau da, Kristogazko bategite adiskidetzaile osoa lortzeko emoten deuskun aukera da.

Parkamen Osoa, erruari dagokionez, dagoeneko parkatutako pekatuen aldi baterako zigorraren parkatzea da Jainkoaren aurrean. Hau da, pekatuen osoko parkamena. Hau da, hasierako santutasuna berreskuratzen dauan Bizi Barri adiskidetua lortzea.

Done Jakueren urte osoan zabalik egoten dan Ate Santuak irudikatzen dau Jubileu-graziak emon deuskun bizi-santutasunerako sarbidea. Aintzaren eleiz atariak, Kristok, bere aulkian jesarrita, profetez, martiriez eta santu guztiez inguratuta, bide santu honetan sartzeagaitik egiten deuskun harrera adierazoten dau. Santiago, bere erromes-makilaz eta guri aurrera egin daigun sarbidea eskainiz irudikatzen da, berak ekarri gaitu-eta honaino, Aintzaren ateraino, zeruko ateraino.

Jubileua, hau da, Parkamen Osoa irabaziko dogu, Santiagora erromes joan ondoren, gure pekatuak autortu daiguzanean (Adiskidetzearen Sakramentuan parte hartuz eta benetan damutuz), jaunartu, gure fedea autortu eta Eleizaren eta Aita Santuaren alde eskatu daigunean.

6. Bideak, ibilbideak eta erromes joateko bideak.

Hasieratik, erromesa bere etxetik abiatzen zan “Santiagoren Etxera”, Katedralera iristeko, eta beraz, zenbat erromes hainbat Bide dagoala esan daiteke. Halanda be, erromesek bat egiten dabe euren bideetan eta bide egitean ibilbideak egiten dabez. Benetan, Bidea ez zan ibilbidea, gehien erabilitako sarbideez osatutako lurralde osoa, igarobidea, baino. Kanpoko eragile ugari egoan ibilbide honeek eratzeko, esate baterako, segurtasuna, ospitaleak, aterpetxeak, pasabide eta zubiak eta santutegiak, azken honeek guztiz garrantzitsuak erromesentzat, bidetik ataraten ziralako, behar izan ezkero, Bideko leku santu bereziren bat gurtzeko.

Apurka-apurka, hainbat ibilbide nabarmen eta ohiko sortu izan da eta hortik joaten da erromes gehien. Gaur egun Santiago Bide deitutakoak dira.

Honeek litzatekez:

  • Frantses bidea: Holan deitzen da Frantziatik etozan erromesek gehien erabilten ebena eta babesten ebena zalako. Gaur egun, ezagunena da. Orreagatik sartzen da Penintsulan, Iruña, Logroño, Burgos, Leon, Astorga, Ponferrada zeharkatzen ditu eta O Cebreirotik sartzen da Galizian.
  • Iparraldeko Bidea: Sarbiderik zaharrena da Frantziatik eta Kantauriak kostaldea zeharkatzen dau, Irun, Donostia, Bilbao, Santander, Gijón eta Avilesetik igaroz eta Galiziara Ribadeotik sartuz.
  • Jatorrizko Bidea: Alfontso II.ak Oviedotik hasi eban ibilbidea da, Asturiaseko barrualdea zeharkatzen dau Lugotik garoz eta azken zatian Iparraldeko Bideagaz eta Frantses Bideagaz bat eginez
  • Ingeles Bidea: Britaniar irletatik aterata itsazoz bidaiatzen eben eta A Coruña edo Ferrolen lehorreratzen zan eta hemendik oinez joaten zan erromes-andanak eraginda.
  • Portugaldar Bidea: Hainbat ibilbide dago Portugalen (barrualdean eta kostaldean) eta Tuitik sartzen dira Galizian.

¡Ultreia!! Bide on!!

Santiago bidea Bizkaian

Erromesaldia Santiagora Bizkaitik.

Santiago Bideko ibilbide bik zeharkatzen dabe Bizkaia. Horreetako bat, Kostaldeko Bideko zati bat da, hau da, Gipuzkoatik Markinara sartzen dana eta hemendik Bizkaian 100 kilometro inguru egiten dauana. Ziortza, Gernika, Bilbao eta Portugalete zeharkatzen ditu eta Kobaronetik Kantabrian sartzen da.

Ahaztutako Bidea da bigarren ibilbidea. Bilbon desbideratzen da, Kadagua ibaian gora doa honek ureztatzen dituan herriak zeharkatuz Balmaseraraino eta hemendik Burgoseko lurraldean sartzen da.

Azkenaldian, hainbat erromesek Bilboko itsasadarraren eskumaldea zeharkatzen dau, zubi zintzilikaritik Portugaletera joateko.

Bizkaiko Santiago Bidearen inguruan gehiago jakiteko, ondorengo web orrialdeetara jo:

  1. Un poco de historia
  2. Disfruta Bizkaia: el Camino de Santiago
  3. El Camino Olvidado
  4. Asociación de Caminos de Santiago en Bizkaia

Ordutegi eta jarduerak erromesarentzat

Menua

Bideko parrokiak Bizkaian

Orrialde honetan Bizkaiko Lurralde Historikoa zeharkatzen dauan Santiago Bidea Eusko Jaurlaritzak monumentu lez autortu dituan eleizak ezagutuz egingo dogu.

Sartu eta ezagutu alkartearen balioak –ondarea, kultura, espiritualtasuna- laburbiltzen dabezan 28 eraikin erlijiosoren barrualdea

IKUSI

Barri eta albisteak

Eleizbarrutiko barriak

itxi