21-12-2024 Sábado, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Alkarren Barrin, otoitzaldiaren biharamuna
01.04.2023

Alkarren Barrin, otoitzaldiaren biharamuna

Gaur, apirilak 1, Komunikazinorako Eleizbarrutiko Sailak Alkarren Barri aldizkariaren argitalpen digitala kaleratu dau. Apirilari dagokion 293. alean, Eleizbarrutiko barri nabarmenak jasoten dira, besteak beste gotzainak Bilboko Kofradien Ermandadeari Aste Santua dala-eta bialdu deutsen mezuaren pasarte batzuk eta Ermandadeko presidente izendatu barri daben Luis Olaortuari egindako alkarrizketa. Sexu gehiegikerien biktimen alde Bilboko Eleizbarrutian egin dan otoitzaldiaren ostekoak be jasoten dira, Josu Lopez Villalba katedraleko ospakizunean gotzainaren ondoan ospatzaile izan zan abade eta biktimari egindako alkarrizketa jasoten dauan bideoaz hornituta. Erdiko orrialdeetan, joan dan martxoaren 8an autorpena jaso eben 8 emakumeen lekukotasunak jasoten dira. Eleizan, alkartean zerbitzari, ospatzaile eta iragarle izanik, egiten daben lanaren inguruko gogoetak eskaini dabez.

Aste Santuaren atarian argitaratu dan ‘Alkarren Barri’ aldizkariaren apirileko alean, Pazkoaren poza aldarrikatzen da azalean. Ohiko laguntzaileei dagokienez. Eleizbarrutiko artxiboak liturgia aldi honetan erabilten dan hainbat monumentu aurkeztu dau. Monumentu horreek, kapera edo altarak dira eta ostia kontsakratuak gordetko balio dabe.

Labayru Fundazioak ’emakumeak eta itsasoa’ gaiari buruzko beste kapitulu bat aurkeztu dau, hain zuzen be, emakumeek arrain-fabriketan egiten eben lanari buruzkoa. Osoko ekologiari eskainitako atalean, “Ebanjelizatzearen igarotze ekologikoa’ mintegian parte hartu dauan Irakasleen Unibertsitate Eskolako irakasleak aita santuaren ‘Laudato si’ entziklikaren inguruko ikuspuntua emon dau.

https://www.youtube.com/watch?v=LfFgtXjR6lg&t=5s

Euskal Eleizbarrutietako MIsinoen 75. urteurrena dala-eta, Jose Ignacio Iturmendik hasierako misiolari hareen -abadeak eta misinoko lurraldetan konpromisoa hartu eban laiko asko- inguruan jarduten dau. Jaime Lopez Eguilaz Eleizbarrutiko liburutegiko arduradunak Euskal Eleizbarrutietako Misinoen bitartez beste kontinente batzuen alde egin izan diran dohaintzetako batzuen barri emon dau.

https://www.youtube.com/watch?v=9bt8B4XOL-E

Apirilaren 23an, Liburuaren Eguna ospatuko da. Hori dala-eta, Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Institutuko (ETPI) liburutegiko arduraduna dan Marian Cantonek maileguan gehien emondako 10 liburuen zerrenda osatu dau.

Arrosa-leihoak Bizkaiko eleizetan

Eleiz Museoak be egiten dau bere ekarpena aldizkaria osatzeko eta oraingoan Bizkaiko eleizetako arrosa-leihorik ikusgarrienak aurkezten dihardu. Apirileko alean, Galdakaoko Andra Mari eleizako arrosa-leihoaren ingurukoak irakurri daitekez. 

Orain arte aitatutakoez gain, besteak beste, eduki honeek be nabarmendu daitekez azken ale honetan: ‘Katolikoak eta Bizitza Publikoa’ jardunaldietan parte hartu eban Müller kardinalari egindak alkarrizketa; Frantziskok aitasantutzan bete dituan 10 urteak Ana Berrizbeitia Eleizbarrutiko Teologia eta Pastoraltza Insitutuko laguntzailearen ikuspuntutik edo Liturgiari buruzkoak Jesus Llarena Liturgiarako ordezkariaren eskutik. Horra hor Alkarren Barri aldizkari digitalean -16 euroren truke etxean jaso daiteke- jasoten dan hainbat gai.