Lehenengo euskal misiolariak Afrikara, hain zuzen be orduan Zaire zan eta gaur egun Kongoko Errepublika Demokratikoa dan herrialdeko Mufunga herrira heldu ziranetik 60 urte bete dirala-eta, mahai-ingurua ospatu zan
Misino-esperientziak batera jarri ebezan lagunek berba bi errepikatu ebezan batez be: konpromisoa eta alkartasuna. Parte hartu ebenak aldi desbardinetan izan ziran lurralde haretan eta egiteko desbardinak izan ebezan, baina bat etozan misiolari izatearen arrazoian: orduan, misino-sena hedatuta egoan Eleizbarrutian, baita Seminarioan bertan be, hemen Misinoen akademia eratu zalako eta sarritan entzuten ziralako misiolarien lekukotasunak, Guzti horrek, Misinoen aldeko hautua egitea ekarri eban eta Misinoetara joateko eskaria egin eutsienean, naturaltasunez eta prestasunez erantzun eben.
Hizlariek esker onez gogoratu ebezan euren senide eta lagunak, misinora joatea erabaki ebenean ondoan izan ziranak, eta baita ibilbide horretan bidelagun izan dabezan pertsona guztiak be.
On Joseba Segura Bilboko gotzain eta Euskal Eleizbarrutietako Misinoen arduradun eta Misinoetarako eta Eleizakazko Lankidetzarako Espainiako Gotzainen Batzarreko Gotzain Batzordeko presidenteak emon eutson amaiera ekitaldiari. Segura misiolari izan zan 12 urtez eta 2023an, Bilboko gotzain zala, Kongoko Errepublika Demokratikoan izan zan hirurogei urteotan euskal misiolarien egin izan daben lana ezagutzeko eta Xabier Goikouriari bisita egiteko.