25-12-2024 Natividad del Señor
Bizkeliza 5 Karidade eta Zuzentasunak 5 Amaitu da Basaurin presoakaz egin daben lan-kanpamentua
02.07.2024

Amaitu da Basaurin presoakaz egin daben lan-kanpamentua

Lau egunez, Bilboko Eleizbarrutio talde batek aparteko esperientzia bizi izan dau Basauriko kartzelako presoakaz, eurengana hurreratu eta eurakaz egonez. Roberto VIdal Failde Kartzela Pastoraltzarako Eleizbarrutiko arduradunak lan-kanpamentuaren amaieran esan ebanez, "Nazareteko Jesusek bere bizitzan egin ebana egiten saiatu gara: gure munduak kanporatutako eta ahaztutako pertsonengana hurreratu eta eurei begietara begiratu".

Taldeak ibilbide jakin bat izan dau: Lehenengo egunean, Basauriko kartzelako partiora sarut ziran eta kirol-jardueraren bidez, parte hartzera hurreratu ziran lagunakaz alkartzeko aukera izan eben.

Bigarren egunez, barruan, partxis-txapelketan parte hartu eben eta, bide batez, kartzelako beste eremu bat eta beste preso batzuk ezagutu.

Bidesari

Hirugarren egunez ez ziran kartzelara sartu eta, kartzelan egon ondoren, orain Kartzela Pastoraltzaren Bidesari Alkarteak kudeatzen dituan bizitegi-bitartekoetan dagozan eta barriro gizarteratzeko urratsak emoten diharduen pertsonakaz egon ziran. Mahai-jokoetan jolasten eta solasean aritu ziran eta alkarregaz bazkaldu eben. 

Azken egunean, barriro sartu ziran kartzelara eta eskumuturrekoak egiteko tailerra sustatu eben. Arratsaldean, esperientziari amaiera emoteko, alkarregaz parte hartu eben Eukaristiaren mahaian.

Kartzela Pastoraltza

Gogoeta

Roberto Vidalek azaldu dauanez, egunero hartu eben tarte bat, Luis Mari Vegak lagunduta, esperientzia horrek taldean sortzen eban guztia pauatzeko, barruratzeko eta sakontzeko. “Hasteko, galdera egiten geuntsan geure buruari: Gaur egun non nago, zer bizi dot? Gure zentzumenek antzeman daben guztitik, zerk eragiten dau zirrara gehien niregan? Aurretik isiltasuna egiteko jarrera geure eginda, Jainkoaren Hitza entzuteko prestatu ginan. Eta holan, Jesusen begiez begiratu geuntsen errealitateari eta pertsonei”.

Lan-kanpamentu osoan, horma-irudi erara, Bibliako hainbat txatal izan zan bistan: “Jainkoa ez da axolagabe geratzen pertsonen, ezta pertsona bakar baten, sufrimentuaren aurrean (Ur 3, 7-15); Jainkoaren maitasun, zaintza eta samurtasuna betirako dira, iluntasunik handienean be, Jainkoak bere izaki guztiak bilatuko ditu larritasun, tristura, biluztasun, bakardadetik askatzeko… (Erm 8, 35-39).

Vidalek azaldu dauanez, 142. Salmoagaz “geure egin genduak gaurko giltzaperatu eta ahaztutakoe askoren garrasia. Inor ez dator niri laguntzera. Ez dago nire alde egingo dauan inor. Ez dago nitaz arduratuko dan inor”. 

Amaitzeko, zera esan dau: “Oraindik domeka arratsaldeko ebanjelioaren (Mk 5, 21-43) oihartzuna entzun daiteke. Jesusentzat ez parkamenik ez sendatzerik merezi ez dauan pertsona hain txarrik ez dagoala dinosku txatal horrek. Jesus ez da sekula axolagabe geratzen kartzeletan bertan behera itzitako hainbeste eta hainbeste pertsonaren sufrimentu, etiketa eta aurreretxiren aurrean. Presoek, boluntarioek, danok dogu ezinbesteko Jesusi ikutzea sendatzeko, zaintza eta sendaketazko hartu-emonez jositako bizitzara bueltatzeko… Jesus hortxe izango da, eta Ebanjelioko neskatoari lez, eskutik oratuko gaitu eta gauza bera egingo dau presoakaz, eta ez ditu bakarrik itziko eguna amaitzean ziegara, bakardaderik latzenera bueltatzen diranean”.