23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Arangoitiko San Andres Apostolua eleizaren Urrezko Ezteguak
01.12.2023

Arangoitiko San Andres Apostolua eleizaren Urrezko Ezteguak

Atzo -azaroak 30, eguena-, San Andres egunez, Arangoitiko San Andres parrokiak Urrezko Ezteguak ospatu ebazan, 19:00etan Eukaristia ospatuz.

Juanra Saez San Andres parrokiako parrokoak azaldu dauanez, Arangoiti auzoan, 50eko hamarkadan hasi zan jentea bizitzen. Bere esanetan, Espainiako hainbat lekutako jentea etorri zan: “Asko eta asko, senar-emazte gazteak eta, ondorioz, jaiotza-tasa altua izan zan. Ume asko ikusi eitekean hara eta hona auzoan. Sasoi haretan, nabarmena zan zerbitzuen falta eta, besteak beste, ez egoan zerbitzu erlijiosorik. Deustuko San Pedro parrokiaren menpe egozan”.

Arangoitiko San Andres

Saezen esanetan, beranduago, 60tik 64ra, Jose Luis Urrutia abadea bialdu eben auzora, “Arangoitiko parrokia sortzeko asmoagaz”. Hara eta hona jo eta etxabe bat aurkitu eban Araneko kaleko 15. zenbakian. Auzolanari esker, 6 hilabetetan atondu eben eta 1964ko urrian inauguratu zan parrokia Kristo Errege egunez eta holantxe deitu zan 1973ko San Andres egunera arte. Egun horretan, gaur egungo lokalean inauguratu zan apostolu horren izenagaz. 

Arangoitiko San Andres

Auzoaren hazkundea

Auzoa asko hazi zan urte gitxitan eta, ondorioz, “askotariko taldeak sortu ziran jente konprometituakaz, eta martxan izan dira luzaroan”. Askotariko taldeak sortu ziran: bateoa, katekesia, eskautak, senar-emazteak, otoitza, Biblia-ikastaroak, atari-bitartekoak (gaur egun, osasun pastoraltza). eta behar-beharrezko dan beste hainbat, esate baterako eleiza garbitzeko eta mantentzeko taldeak. Taldekideak, boluntarioak ziran, laguntzeko prest egozanak.

Arangoitiko San Andres
Arangoitiko San Andres

Juanra Saezek nabarmendu dauanez, “jenteak atseginez gogoratzen dituan” parrokiako abadeez gainera, hiru alkarte erlijisok be lagundu izan dabe: Jesusen Bihotza, Familia Santua eta Karidadearen Alabak, “parrokian eskainitako zerbitzuen bidez auzoaren garapenean ekarpen handia egin dabelarik”. Saezek adierazo dauanez, “urteotan, alkarteak familia handi baten itxura izan dau eta gauza oso onak izan dira, eta baita ez hain onak be, baina honeek beti gainditu izan dira gogo onaz eta Jainkoaren laguntzaz”.

Arangoitiko San Andres

Abegi egin eta bidera atara

Orain ez da alkarte hain jentetsua, “baina, hemen, ateak beti dagoz zabalik etorri gura dauanari harrera egiteko eta bidera atara eta behar duenagaz bat egiteko eta honi laguntzeko. Buru dogun Kristo lez, besoak zabalik, besarkatzeko, bat egiteko eta fedea batera jarteko prest. Eskerrak emoten deutsaguz Jainkoari, Arangoiti auzo maitearen zerbitzura alkarregaz bizi eta ospatu izanako senidetasunagaitik”. 

ZORIONAK!!!

Arangoitiko San Andres