Gaur, azaroak 22, Santa Zezilia musikaren zaindariaren eguna ospatzen da. Juan San Martin Zaragozako Pilareko Ama katedrale-basilikako organista titularrak organo-kontzertua eskainiko dau Abadiñoko San Trokaz eleizako ‘Lope Alberdi’ organoan (1913). San Martin, bat-bateko jarduneko irakasle be bada Nafarroako Goi Kontserbatorioan. Gaurko emonaldian, Mozart, Broto, Rheiberger eta Bedarden piezak joko ditu, tarteka euskal musikako piezak bat-batean joz.
Bihar, azaroak 23, Roberto Fresco Madrileko Almudena katedraleko organista titularrak kontzertua eskainiko dau Elorrioko Sortze Garbia basilikako ‘Dourte’ organo sinfonikoan (1967). “Bach eta Händel: begirada barria” goiburua dau egitarauak eta, besteak beste, Loret, Karg-Elert, Lehenbauer, Guilmant eta Dupreren piezak joko ditu. Roberto Fresco Madrileko “Katarina Gurska” Goi Musika-eskolako organo-irakasle da.
Jaialdiaren XIX. ekitaldia
Kontzertu honeen ostean, jaialdiaren XIX. ekitaldi honetako hurrengo kontzertua azaroaren 30ean izango da Loiuko San Pedro Apostolua eleizan, 12:30etan, Juan Seguiren emonaldiagaz. Egun berean, 19:00etan, Susana Garcia Lastrak jardungo dau Mañariko Andra Mari eleizan.
Abenduaren 27an, Raul del Toro (organoa) eta Javier Lekunberri (oboea) izango dira protagonista Gabonetako kontzertuan, Abadiñoko San Trokaz parrokian, 19:30etan.
Abenduaren 29an, Matias Sagrerasek (organoa) Zeanuriko Andra Mari eleizan 19:00etan eskainiko dauan kontzertuak emongo deutso amaiera aurtengo ekitaldiari.