Joseba Alzola eskolapioen Bilboko ikastetxeko Itaka fundazinoko koordinatzaileak Radio Popular-Herri Irratian hitz egin dau aste honetan. Azaldu dauanez, “jarduera honeek Gandhiren heriotzaren urteurrenaren -urtarrilak 30- eta indarkeriarik ezaren eta bakearen aldeko eskola-egunaren inguruan ospatzen dira”.
Alkarrizketa osorik:hemen.
Alzolak adierazo dauanez, “urtero antolatzen dogu jarduera hau Bilboko eskolapioen Bilboko ikastetxeagaz batera. Aste hau urtarrilaren 27an hasi zan eta hainbat jarduera ospatu genduan heziketaren arloan, ikasleak bakearen eta indarkeriarik ezaren garrantziaz jabetu daitezan. Gai hau, ikastetxean, ikasgeletan, lantzen dogu, baina baita aisialdiko taldean be”.
“Bakearen alde bide eginez” goiburuaren harira, aurton ideia hau nabarmendu gura izan dabe: bakea, bidea dala eta bide horretatik alkarregaz aurrera egin behar dogula. Bide egiteak, aurrera egitea, mobidu beharra eta arlo hau sustatu beharra agertzen dau.
Bakearen aldeko ibilaldiaren 41. ekitaldiagaz amaiera emon jako bakearen aldeko asteari. Aurtengo barritasuna, zapatu arratsaldez, hau da, bihar, otsailak 1, 17:30etan, ospatuko dala. “Orain arte, goizez egin izan dogu, baina arratsaldez egin ezkero, familia gehiagok parte hartu leikela ikusi dogu, zapatu goizez ume ugarik izaten dau-eta eskola-kiroleko jardueraren bat”.
Ibilbidea
Arratsaldeko bostak eta erdietan abiatuko dira eskolapioen ikastetxeko josaltokitik (sarrera Henao kaletik) eta Errekalde zumardia zeharkatuz Moyua plazara helduko dira; handik, Kale Nagusitik, Arriaga antzokiraino joango dira. Azkenean, agiria irakurriko da.