22-12-2024 Domingo, IV semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Bisita Euskadiko amabirjina erromaniko bakarrenetakoa daukan eleizara
13.08.2024

Bisita Euskadiko amabirjina erromaniko bakarrenetakoa daukan eleizara

Bihar, abuztuak 14, Mariaren Zeruratzearen egunaren bezperan, Jesus Muñiz Petralanda historialariak doako bisita gidatua eskainiko dau "Euskadin dan eleiza liluragarri baten". Arratsaldeko seietan hasiko dan bisitaldian, Galdakaoko Elexaldeko Andra Mari eleiza bisitatzeko aukera izango da. Ezinbestekoa da aurretik izena emotea, 655749129 telefonora whatsappa bialdu eta datu honeek emonez: hartu-emonerako pertsona, partaideen kopurua eta jatorria.

Ordu bete eta erdi inguru iraungo dau Elexaldeko Andra Mari eleizan (Galdakao) egingo dan bisita gidatuak. Bisitariek, Donejakue bideko bigarren mailako ibilbide baten eraikitako erdi aroko eraikin bikain honen sekretuak ezagutuko dabez.

Bisita gidatua Elexaldeko Andra Mari eleizara (Galdakao)
Jesus Muñiz Petralandak gidatuko dau biharko bisita gidatua

Errenazimentuko artelan aitzindaria

Andra Mariari eskainitako eleiza hau Elexalden dago, hau da izena emoten deutsan (eleiz-alde) Galdakaoko auzorik garrantsitsuenean. Antxina, “kostaldeko bidea” deitutakoa, Donejakue Bideko bigarren mailako ibilbidea,  igaroten zan hemendik. XIII. gizaldian hasi ziran eleiza eraikitzen eta aldi horretakoak dira hegoaldeko ataria, erromaniko estilokoa, dagoeneko gotikorako trantsizinoa erakusten dauana. Erdi aroko lehenengo eleiza hau XVI. gizaldian handiagotu eben, errenazimentuko estiloan. Sasoi honetakoa da altara nagusiko erretaula.

Erretaula nagusian, Andra Mariaren irudi berezia dago.

Eskultura hau da erretaulan dagozanen artean zaharrena, eta gainerakoek baino berrehun urte gehiago be baditu. Dana dala, XVI. gizaldian, orain dagoan lekuan jarri ebenean, barriro margotu ebela emoten dau. 1300 inguruan egindakoa, Euskadiko amabirjina erromaniko bakarrenetakoa da. Maria eserita agertzen da umea altzoan dauala, hau da Amabirjina-troonu erakoa da, Euskal Herrian, Andra Mari deitzen dana.

Irudiaren zurruntasuna nabarmentzen da eta aurpegiek ez dabe adierazmenik, erdi aroko irudietan ohikoa danez.

Areto-eleiza

Elexaldeko Andra Mari, areto-eleiza da.Alkarren Barri aldizkarian aurkeztutako erreportaje-sorta honetan, Bizkaian ezaugarri horregaz eraiki ziran eleizak ikusi daitekez. 

La imagen de Andra Mari