Ume Misiolariak kanpainaren sustapenaz arduratzen dana Aita Santuaren ardurapeko Misino-ekintzak dalakoa da eta joan dan abenduan, Jose Maria Calderon zuzendaria Bilboko Eleizbarrutian izan zan eta alkarrizketa eskaini eutsan “Alkarren Barri/Comunicación” aldizkariari, besteak beste, domekako kanpainaren inguruan jardunez.
Calderonek adierazo ebanez, Eleiza misiolari ez bada, ez da Eleiza. Bere esanetan, “Frantzisko Aita Santuak behin eta barriro gogoratzen deusku hori: Jaunak geure baitatik atara eta Jainkoaren agerpena ezinbesteko dan lekuetara joteko dinosku behin eta barriro eta horri jaramonik egiten ez badeutsagu, galdu egiten dogu gure eleiz izaera.Eleiza, misinoa da”.
Jose Maria Calderonek hartu-emon estua dau On Joseba Segura gotzainagaz, azken hau Misinoetarako eta Eleizen arteko Lankidetzarako Gotzain Batzordeko presidente da-eta, eta Calderon idazkari. “Buruz buru lan egiten dogu eta asko harritzen nau lanerako eta leku batean edo bestean egoteko dauan gaitasunak, izan be hainbat batzar izaten dogu Madrilen eta erritmoa, altua da. Garrantzitsua da bere ardura, Ekuadorren misino-bizipena izandakoa da-eta. Bere bizitza esperientzia horren agerpen da”.
Urtarrilaren 19an, Ume Misiolariak kanpaina
Misino-egutegiko kanpaina nagusia, DOMUND egunekoa da, baina honako hau, Calderonen esanetan, “samurragoa dala esan geinke, misinoko lurraldeetan umeek bizi daben egoera eta daukiezan preminak agertzen ditualako. Umeek alkarri laguntzen deutse otoitzaren, sakrifizioaren, limosnaren…, bidez eta, trukean, euren poza, itxaropena, baikortasuna…, eskaintzen dabe”.
Jardunaldia dala-ta gotzaina TVE-ko bigarren katean emoten dauan meza-buru izango da.