On Joseba Segura gotzainak Seminarioaren egunerako idatzi dauan mezuan aaldu dauanez, “era bateko edo besteko bokazinoari erantzutea, Jainkoak lagun bakotxari bizileku dauan gizadia maitatzeko eta zerbitzatzeko egiten deutsan deia nork bere egiteko era zehatza da. Bizitza osoa bokazinotzat hartu daiteke. Une bakotxa, ekintza bakotxa, gainerako pertsonekiko hartu-emon bakotxa, aukera ona da Jainkoak gizadiari deutsan maitasuna erakusteko egitasmoari erantzuteko. Holan, apaltasun eta konfiantzaz, euren bizitza bokazino lez bizi dabenak Kristoren argi bihurtzen dira munduarentzat”.
Gotzainak beste hau be badino: “Abadetzaren ministerioan euren bizitza anai eta arreben esanetara jarteko Jainkoaren ahotsa euren bizitzetan somatu daben gazteak hartzen ditu seminarioak. Seminarioak laguntasun izan gura dau eurentzat, lagun bakotxak, Jainkoak emoten deutsazan doe eta graziak onartzeko eta loratzeko egin behar dauan bereizketan”
Gutunean, ministerio ordenatua gure Eleizarentzat guztiz garrantzitsua dala dino, “Eleizaren bizi-iturria ez dalako bere burua, Eukaristia baino. Horregaitik, Bizkaian bide egiten diharduan Eleiza osoak bihotzez maitatu behar dau seminarioa, eta maitasun hori gure otoitz, hurkotasun eta laguntasunean agertuko da”.
Aurton, irailean hiru abadegai abade egin ondoren, hiru gazte dagoz Seminarioan heziketa-aldi desbardinetan. Gaizka Egaña, Patxo Ateca eta Roberto Carlos Baron. Honeei laguntzen deutsen taldea, Ignacio Fernandez errektoreak, Manu de las Fuentes ikasketa-buruak eta Miguel Vera gidari espiritualak osotzen dabe. Lagun bat bokazino-bereizketa egiten ari da.