Ekintza Katoliko Orokorra mobimentuak umeen, gazteen eta helduen taldeak ditu gure eleizbarrutian. Bruno Bonnet presidentearen esanetan, “bizitza osorako prozesua da erreferentzia taldean eta, gure ustez, ezinbestekoa da urrats honeek ospatzea. Barri benetan ona da Jesus euren bizitzetarako eredutzat izan gura daben gazteek aurrera-pausua emotea”.

Barikuz alkartu ziran eta urratsa emon dauan taldeak otoitz egiteko eta gogoetak batera jarteko astia izan eban.Atzera begiratu eta Lehenengo Jaunartzea egin ebenetik orain arte izan daben ibilbidea aztertu eben, “ibilbidean Jainkoak izan dauan agerpena antzemateko eta presentzia horretaz jabetzeko”.
EKO-ACG mobimentuko gainerako gazteak zapatu goizez heldu ziran eta urratsa emotera joian taldeak bere dinamika egiten eban bitartean, gainerakoek kristau bizitzarako egitasmoan sakondu eben, hain zuzen be gizarte-politika arloan.
Aurton izan da barritasun bat: EKO-ACG mobimentua ezagutzeko aukera emon jaken beste talde batzuetako gazteei eta VI. bikaritzako talde biko 11 gaztek deialdiari erantzun eutsen eta Larrabetzun izan ziran zapatu goizez.
Arratsaldez, urratsa emongo eban taldea eta gazte-saileko gainerako kideak batu ziran. Ospakizunaren aurretik, urrats honen esanahiaren inguruan gogoeta egin eta berbetan jardun eben. Gazte-saileko eleizbarrutiko hainbat kidek eta Huescalp eleizbarrutiko arduradunak lekukotasuna emon eben: gazte-sailera igarotzeak ekarri eutsena, somatu dabezan aldeak eguneroko bizitzan eta lanean… Egunari amaiera emoteko, gazteek urratsa emon eben, “EKO-ACG mobimentuko gainerako gazteek babestuta, pozik eta hunkituta”.
Domekaz, urratsa emon eben familiei gonbitea eginda, Eukaristia egin eben eta Bonnetek azaldu dauanez, “meza ospatu ondoren mahaiaren inguruan batu ginan, familiek ekarritako jaki gozoez gozatuz”.