Miguel Angel Remírez Arronizen (Nafarroa) jaio zan, baina lotura estua dau Bilbogaz. Umetan, maristen seminarioan sartu zan. Ordenako hainbat ikastetxetan eta Villafrancako (Nafarroa) seminario txikian irakasle izan zan. Gero, Madrilera joan zan teologia- eta psikologia-ikasketak egitera Comillaseko Unibertsitatean. Bertan, bizileku bako ume eta gazteakaz lan egiteko mobimentua martxan jarri barri ebenakaz hartu-emonean jarri zan.
Deustuko Unibertsitatean defendatu eban doktore-tesia psikologian eta bertan psikologia ebolutiboko eskolak emon ebazan eta AGINTZARI mobimentua jarri eban martxan hainbat ikaslekaz, Madrileko esperientziari jarraipena emonez, adin txikikoen babeserako zentroetan egozan gazteentzako pisuakaz. Gaur egun martxan dagoan esperientzia aitzindaria izan zan.
Miguel Angelek, jPatxi Loidik, Jose Mª Mardonesek, Pedro Olaldek, Carlos Urrizak, Carlos Beorlegik eta beste hainbatek, Fedea eta Justizia Biziera Apostolikorako Alkartea sortu eben eta beranduago Ekintza Solidarioa alkartea.
Larogeiko hamarkadaren amaieran, Filipinetara misiolari joan zan eta hantxe emon ebazan lehenengo 10 urteak, batzuk Agustin Maiz eleizbarrutiko abadeagaz batera. Filipinak itzi eta Trujillon eta Perun egon zan eta handik gaur egun bizileku dauan El Salvadorrera joan zan.