Azaldu dabenez, etenbako heziketa, etenbako bizi azterketa da, euren bizitzan eta munduan, langile eta lan eremuan, Jainkoaren agerpenaz jabetzeko eta presentzia hori onartzeko prozesua jarraitu daben militanteek egiten dabena. Azken baten, “Jainkoak eskaintzen deuskun egitasmoa, gizatasuna zabaltzekoa, geure egiteko. Orain, bizitza hori kontatu, komunikatu egin behar dogu, horren inguruan hitz egin eta horren lekukotasuna emon. Horretarako da etenbako heziketa”.
HOAC mobimentuak garrantzi handia emoten deutso kristau langile militanteen heziketari. Ekintza Katolikoko mobimentu espezializatu honek eskaintzen dauan heziketa ez da teoria hutsa, “ez da, beste barik jakintzak norbereganatzea, gure bizitza, gure izaera Jesukristoren Barri Ona oinarritzat hartu eta jakinaren gainean eratzea baino. Heziketak gizatasunean hazten laguntzen deusku, pertsona izaten, pertsona lez eraikitzen”.