20-11-2024 Miércoles, XXXIII semana - tiempo ordinario
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Inocencio Rodrigo zerbitzurako beti prest egoan abadea hil da
04.10.2023

Inocencio Rodrigo zerbitzurako beti prest egoan abadea hil da

Atzo hil zan Bilbon Inocencio Rodrigo Garcia eleizbarrutiko abadea, 95 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna bihar -urriak 5, eguena- ospatuko da Asisko San Frantzisko parrokian (Quinta parroquia), 19:00etan.

Inocencio Rodrigo Cervera del Pisuergan (Palencia) jaio zan 1928.eko apirilaren 15ean eta Bartzelonan egin zan abade 1952.eko maiatzaren 31an. Abade egin eta gero Lutxanan jardun eban abade lagunkide eta organista lez. 1953an, Artzentaleseko San Migel parrokiara bialdu eben ekonomo lez eta beranduago Ahedora, eginkizun beraz. Aldi berean, irakasle izan zan Karrantzako Lan Institutuan. Handik Cobetas-Bilbora bialdu eben eta 1959an, aireko armadako kapitain izateko oposizinoak egin ebazan. Urte asko emon eban Bizkaitik kanpo militar, kapilau militar lez eta aireko armadako koronel be izan zan. Bere sasoian marka ezarri eban hegazkinetik jauzi egitean.

Gizon leiala

Seminarioan Inocencioren ikaskide izan zan Anton Uriarte abadearen esanetan, lagun leiala eta zintzoa zan, gizon apala eta balioak ebazana, “zerbitzurako beti prest egoan abadea”.

Inocencio Rodrigo, erretiroa hartu ebanean, BIlbora bueltatu zan eta harrezkero, osasunez ondo ibili zan bitartean, gaztetatik bere parrokia izan dan Asisko San Frantzisko parrokian (Quinta parroquia) lagundu izan dau. 

Inocencio osasunez makal ibili da azken urteetan eta Anton Uriartek nabarmendu dauanez, egundoko borondatea jarten eban suspertu ahal izateko eta “gaixoaldian be, diskurtso argia eukan”.

Angélica Gomez azken urteetan Inocenciori lagundu deutsan laikoa da. Bere heriotzean, berbok eskaini deutsoz:

“Gizon sakona zinan, eta zorrotza zeure buruagaz eta holan, gorputzaren erdia geratu jatzunean, barriro iibilteko gauza izan zinan”.

“Bizitzako estualdietan, bakea ekarten zenduan gure espiritura. Berba zuzenak zureak une egokietarako”.

“Hartu eizu atseden. Gogoan zaitugunok beti bihotzean eroango zaitugu”

“Negarrez gagoz gaur, tristuraz beteta

“Irakaspen handia itzi deustazu: pertsonen konpainiaz gozatu, bidean aurkitu doguzan pertsona bikainen konpainiaz eta baita bizitzako gauzez be, ez gara-eta hemen geratzekoak”

Imagen de Inocencio Rodrigo de joven