Eguraldia lagun bada, Mesedetako Andra Mariaren kofradiak Pietatearen pausoa atarako dau prozesinoan, 20:30etan Areatzako San Nikolas eleizatik abiatuta.
Ibilbidea: San Nikolas parrokia – San Nikolas plaza – Askao, Kurutzea – Zamudio ataria – Cintureria – Torrea – Bidebarrieta – Areatza – San Nikolas.
Menaren Pietatea irudi-multzoan, Ama Birjinak kurutzetik jatsitako Jesus besarkatzen dau. San Nikolas eleiza da Juan Pascual Menak 1756an egin eban eskultura honen jabea. Kristo hilaren irudi ikaragarria nabarmentzen da.
Pauso hau San Nikolas eleizatik ataraten dan unea benetan ederra da eta jentea horren zain egoten da. Hunkigarria da, baita be, eleizara itzultzen danekoa.
Barritasun bi
Aurton barritasun bi dagoz San Nikolasera bueltan: Aretzara urtetean, bandak isilik joango dira, “Pietatearen irudiaren begiespenari garrantzi osoa emoteko eta salbea eleizaren kanpoaldean abestuko da, kofradia guztien parte hartzeagaz. Hau da, Mesedetakoen kofradiak ez dau bakarrik abestuko barruan, orain arte lez”, antolatzaileek nabarmendu dabenez.
Gainera, gaurtik hasita, Mesedetakoen kofradiaren jarraigoan, “kurutze-gidaria joango da buru, orain arte joaten izan dan kofradiaren gidoiaren lekuan”.
Mesedetakoen kofradia -tunika eta txano urdin argia-, “zorrotza da liturgia ekitaldietan eta bikain eusten deutso tradizinoari, soiltasun, neurritasun eta ordenaz”.
Ezaugarri horreetan bat datorren Urduñako Kristoren Eskola Santuko ordezkaritza joango da prozesinoan Mesedetakoen kofradiagaz.