23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Teresiar Erakundearen ekitaldia Karrantzan mendeurrena ospatzeko
03.09.2024

Teresiar Erakundearen ekitaldia Karrantzan mendeurrena ospatzeko

"Munduagaz konprometituta. Bakegile eta senidetasun-ehule" goiburuaren haritik ospatu ditu uda honetan Espainiako Teresiar Erakundearen ACIT Federazinoak "Bizitza ondu" XIX. jardunaldiak Karrantzako Pallotti Bainuetxean. Arduradunen esanetan, zuzendari nagusiak erakundeko kideei bialdutako gutunean egiten eutsen deialditik sortu zan goiburua: "Teresiar Erakundearen pontifize onespenaren mendeurrena ospatzen dan urte berezi honetan, gure karismaren sustraietara bueltatu".

Karrantzan, Kantabria, Soria, Burgos, Alacant, Malaga, Madril, Bartzelona, Kordoba, Sevilla, Granada, La Linea, Lanzarote, Bilbotik… etorritako familiak batu ziran. Gazte eta nagusiek, neska eta mutikoek, atsedenaz, adiskidetasunaz, aisiaz eta jaiaz gozatu eben fedetik eta kristau konpromisoaren barrikuntzatik. Isabel Acereda partaideetako batek azaldu dauanez, azken baten, Erakundeko kideok, adiskide, senide edo ikasle ohiakaz batera, “beharrezkotzat joten dabe euren fedea sustatzea eta euren familiari fede hori batera jarteko eta batera bizitzeko eremua eskaintzea”.

Teresiar Erakundea. Karrantza

Askotariko jarduera eta jardunbide antolatu eben, talde desbardinei egokituta, eta udan Joko Olinpikoak ospatu dirala aprobetxatuz, gai horren haritik jardun izan dabe.

Egunez egun, gai bat landu eta horren haritik gogoeta egin eben: Barrurantz begiratu, “gure kristau bizipen eta konpromisoari pultsua hartu”. Etxera bueltatu, “Mateo 5, 13-18 pasartea oinarritzat hartuz, gure sustrai eta espiritualtasunari begiratu, Pedro Povedaren azalpenakaz”. Gure munduagaz konprometituta”, “inguru desbardinetan bizi diran pertsonen lekukotasunak eta Teresiar Erakundearen karismaren molde desbardinak alderatuz eta horreetan pizkarriak bilatuz”. Otoitza, gogoeta eta talde txikietan bateratze-lana egitea izan dira jardunbideak; eta ez da atsedenaldirik, barriketaldirik bainurik, gau-ekitaldirik…, falta izan. 

Izadiagaz bat egiteko, izadia begiesteko eta izadiagaitik esker ona adierazoteko eguna be izan eben. Pozalaguako kobara oinez igo eta inguruaren edertasunaz gozatu eben. Amaitzeko, Eukaristia ospatu eben, Nestor Aras Eleizbarrutiko abadea buru zala. 

Teresiar Erakundea. Karrantza
Parte del grupo participante.