23-12-2024 Lunes, semana - adviento
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Zeanuriko ermitetara egiten dan ibilaldiaren 35. ekitaldia
03.09.2024

Zeanuriko ermitetara egiten dan ibilaldiaren 35. ekitaldia

Datorren zapatuz, irailak 7, Zeanuriko ermitetara egiten dan ibilaldiaren hogeta hamabosgarren ekitaldia ospatuko da. Joko Alai Kirol alkartearen eskutik sortu zan oinezko ibilialdi hau 1988an. Harrezkero, hitzordu garrantzitsu bihurtu da izadia eta ibilaldi luzeak gogoko dabezanentzat. Ibilbideak 37 kilometro ditu eta 19 ermita edo eleizaren ondotik igaroko da. 

Ibilaldia goizeko 7:30etan hasiko da herriko plazan, udaletxearen aurrean. Ibilbide osoa, hau da, 37 kilometro, egin daienek Zeanuriko ondare erlijiosoa ezautzeko aukera izango dabe eta, aldi berean, “izadiak sasoi honetan eskaintzen dauan kolore-sinfoniaz gozatuko dabe”. Antolatzaileek beste ibilbide bi be eratu dabez: laburra, 15 kilometrotakoa eta ertaina, 28 kilometrotakoa. 

Zeanuri
Ibilaldiaren aurreko ekitaldi bat

Antolatzaileek azaldu dabenez, ermitetara egiten dan ibilaldiaren helburuak hasierakoak dira: zapatu goiza izadiagaz hartu-emonean kirola eginez igaroteko aukera emon, eta Zeanuriko auzotarrei zein bisitariei Gorbeia mendiaren magalean finkatutako udalerriko ermita eta auzoak ezagutzera emon. 

Izena emotea: Joko Alai alkarteko bazkideek: 7 euro, eta 14 urtetik beherakoek 4 euro. Gainerako partaideek, ibilaldiaren egunean bertan, 6:45etatik aurrera, herriko plazan: nagusiek 10 euro eta 14 urtetik beherakoek 6 euro.

Urteera: 7:30etan.

Ibilbide osoa: 37 kilometro. Aukerako ibilbideak: Laburra: 15 kilometro. Ertaina: 28 kilometro. Ibilbidean, hainbat anoa-postu egongo da. 

Zeanuri
Santa Lutzi
San Miguel de Altzusta