Domeka honetan eta hurrengo bietan, ETBk Durangoko Santa Anatik emitiduko dau mezea.
Inguru zabal batean dago kokatua XV. mendean eraiki zan Santa Anako eleizea; Santa Anako atea edo arkuaren ondoan. Urteetan zehar berreraikitze ugari izan ditu. Azkena, XVIII. gizaldian. Kanpotik, 1745ean egindako kanpandorreak errematatzen dauan eraikin garaia da. Aurrekaldean, eta albokalderantz zutarriz egindako eleizpe ederra dauka.
Eleizea barrutik
Hiru nabe eta kurtzeroak osotzen dabe eta bere zabai guztia gurutzeriazko bobedaz hornitua dago. Eleizaren goialde osoa, burdinazko balkoi batek inguratzen dau; koruan eten bat egin eta organoarentzat tokitxoa izten daualarik. Korua berez, ez da handia eta bartan kokatzen dan organoa, Amezua etxekoa da 1882koa.
Santa Anako parrokia , ez da aberatsa irudietan. Gehien bat aurkitzen diranak, margo-oihalak dira. Aitatzekoak, Familia Santua irudikatzen dauan margo-oihal koloretsua. Honen aurrean Arimei eskeinitako oihala; oihal honen irudien artean, Santa Anako parrokia eta arkua ikus daikeguz. Presbiterioan, parrokiako zaindari dan Santa Ana eta Ama Birjinaren margo ederra dagoz.
Irudien artean, Padua eta Antonioenak. Honeen oinetan, Santa Aurelia Vitaliaren irudia. Honen aurrez-aurre hilzorian dagoan Jesu Kristoren irudi ederra; honen begirada, esanguratsua da.
Pieza bereziak
Eliza honetan aurkitu daitekezan artederretako piezarik ederrenak, presbiterio ondoan dagoan Salbatzailearen kaperan ikus daitekez. Batas, barroko erako Guadalupeko amaren oihal margotua. XVIII. mendeko oihal hau, Mexikotik bialdutakoa da kondairak dinoanez.
Bestea, Santa Ana, Ama Birjina eta Jesus umeak osotzen daben irudi multzoa dogu; XVI. mendekoa.