30-12-2024 Lunes, semana - navidad
Bizkeliza 5 Gotzaina 5 Gotzainak Kongoko EDko kobalto-meatzetan umeek jasaten daben esplotazinoa salatu dau
17.07.2023

Gotzainak Kongoko EDko kobalto-meatzetan umeek jasaten daben esplotazinoa salatu dau

On Joseba Segura Bilboko gotzainak Kongoko EDa bisitatu eban ekainaren amaieran. Hamabi egunez, herrialde zabal honen -afrikar kontinenteko bigarren herrialderik handiena- zati bat bisitatu eban Iñigo Iriarte misiolaria bidelagun ebala. Euskal Eleizbarrutietako misiolariek hainbat hamarkadatan lagundu eta makina bat egitasmo martxan jarri izan dabe bisitatu ebezan lurraldeetan. Baliabide natural asko daben lurrak dira, baina nazinoarteko interesen mende dagoz, bertako jentea premina larrian bizi dalarik.  

Besteak beste, Bilboko gotzaina herrialdearen hegoaldean, Likasitik mendebaldera izan zan, “Xabier Goikuria bizkaitar misiolariak bere bizia emon dauan lekuan”. Hortxe dago Kolwezi, gaur egun kobalto gehien ekoizten dan munduko lekua. On Joseba Segura gotzainak azaldu dauanez, “zoritxar handia bizi dabe, hain zuzen be, gure oraingo eta geroko bizitzarako ezinbestekotzat joten dogun hainbat gauzari loruta: sakelakoak, auto elektrikoak, metagailuak…, litiozko bateriakaz zerikusia dauan guztia”. 

https://youtu.be/J3HJyZrXYr4

Honako honegaz batera, lurralde haretan gertatzen ari dan umeen laneko esplotazinoaren inguruko erreportajea ikusi daiteke. Gotzainak aurkezpenean adierazo dauanez, “ez dira ume batzuk; milaka asko baino”. Bideo hau, 2023.eko uztailaren 13an DNen (https://www.democracynow.org) argitaratutako erreportajea da. Seguraren esanetan, “jatorrizko ingelesa automatikoki itzultzen daben azpitituluakaz grabatu dot. Itzulpena ez da perfektua, bain funtsezko edukia ulertu daiteke.  ‘Cobalt Red: How the Blood of the Congo Powers Our Lives’ liburu bikainaren -bene-benetan, merezi dau irakurtea- egilea dan Siddharth Kara da protagonista. Benetan, gogorra da liburuan kontatzen dana eta bideo hau ikerlan honek zehaztasun handiz agertzen dauanaren laburpen txikia da”. 

Afrikar emakumeak

On Joseba Segura gotzainak, Kongoko Errepublika Demokratikora egin dauan bisitatik bueltan eskainitako alkarrizketan azaldu ebanez, euskal misiolarien ekimenez martxan jarritako makina bat egitasmo gaur egun be indarrean dala “eta afrikarren esku, gainera, Batez be Afrikan martxan jarri ziran eta bokazino guztiak afrikarrak diran kongregazinoen esku”. Gotzainak nabarmendu dauanez, batez be emakumeek dabe kudeaketarako -ospitalea, eskola, ahalmen-urritasuna dabenentzako etxea…- gaitasun handia, “edo emakumearen bihotzak zaintzen edo, askotan egintzen interesen aurretik jarten diran gizonen interesek baino gehiago lehenesten dakian hainbeste gauza kudeatzeko”. Eta gotzainak azaldu dauanez, orokorrean, “lankidetzan espezialista diran guztiek dakie herrialee eta egoera jakin batzuetan askoz seguruagoa dana egintza bat, edo ekonomia-bitartekoak, emakumeen esku iztea eta ez gizonen esku. Ez dot esaten hori kontu orokorra danik, baina, gaur-gaurkoz holan da. Eta ona da ekonomia-kudeaketarako gaitasunad daben emakumeak dagozala, afrikar emakumeak dirala, ikasi eta egitasmoagaz konprometituta dagozala jakitea, Europar misiolariek martxan jarritako egitasmoak dira, bai, baina gaur egun, egitasmo horreen bihotza batez be afrikarra da”. 

Baliabideen ustiapena

Gotzainak, alkarrizketan, meatzaritzari buruz be jardun eban: “han bizi ahal izateko, malgutasun handia behar da eta guretzat kaotiko dan egoera asko onartu. Esate baterako, zelan dabilen hainbeste kamioi errepideetan”. Hegoaldeaz, meatze inguruaz dihardu. Katanga izena eukan lurraldea da, gaur egun, Katanga Garaia deitzen dana. Hemen mineral oso baliotsuak dagoz, asko, gainera. Enpresa asko dago eta inguruko buruzagi tradizionalek miloe askoko komisinoak jasoten dabez eta, ondorioz, “kamioiak etenbarik ataraten dira, ehunka kamioi ilaran eta muga zeharkatzeko inguruak egundoko anabasa bihurtzen dira, esate baterako Zambiagazko mugaldean”. Hortik Tanzaniara doaz eta Afrikako ekialdeko portuetara iristen dira eta han ontziratu eta Txinarako, Indiarako… bidea hartzen dabe, “bueno, gauza ikaragarria da”.