26-12-2024 Esteban, protomartir
Bizkeliza 5 Lehenengo Orrialdea 5 Iñaki F. Capetillo hil da, gizon adeitsu, hurkoa eta beti besteez arduratzen zana
18.07.2023

Iñaki F. Capetillo hil da, gizon adeitsu, hurkoa eta beti besteez arduratzen zana

Atzo -uztailak 17, astelehena-, Iñaki Franco Capetillo Eleizbarrutiko abadea hil zan Bilbon, 90 urte ebazala. Bere arimaren aldeko hileta-eleizkizuna gaur arratsaldeko zazpietan ospatuko da Sopuertako Mercadilloko parrokian, Kerman Lopez Eleizbarrutiko bikario nagusia buru dala. 

Iñaki Franco Capetillo Barakaldon jaio zan 1932.eko azaroaren 20an eta Barakaldoko San Jose parrokian egin zan abade 1957.eko uztailaren 31an. Filosofia eta Letretan lizentziatu zan, Valentzian; Teologian, Comillasen eta, gainera, Soziologian diplomaduna zan.

Abade egin barri, Urtuellan jardun eban abade lagunkide lez (1958-1960). Ondoren, Damas Nevers ikastetxeko kapilau izendatu eben eta irakasle izan zan Durangoko AA. Maristen Lanbide Heziketarako eskolan.

1962 eta 1963 bitartean, abade lagunkide izan zan Trapagan. 1963tik hamarkadaren amaierara arte, Sestaoko Jesusen Bihotza parrokiako abade lagunkide izan zan eta, beranduago, ekonomo, Sestaoko San Migel parrokian eta artzapez portu-inguruan. Aldi batez ikasketak egin ondoren, Santurtzira bialdu eben, Gorka Deuna parrokiako abadeen taldeko moderatzaile lez eta parrokia bereko laguntzaile be izan zan beranduago.

Zenbait urtez, erlejino-, filosofia- eta literatura-eskolak emon ebazan Portugaleteko Karmeneko Ama ikastetxean.

Larogeta hamarreko hamarkadan, Sopuerta eta Galdameseko parrokia bikario izendatu eben eta Eleizbarrutiko Pastoral Kontseiluko kide izan zan 2001etik 2006ra.

Hiztun atsegin eta hurkoa

José Luis Villacorta abade lagunak azaldu dauanez, Iñaki, bere “lehenengo parrokoa” izan zana, Miguel Delibesen esaldi honegaz gogoratu daiteke: “con sola su presencia aligeraba la pesadumbre de vivir”.

Bere esanetan, hiztun atsegin eta hurkoa zan; makina bat ezagun eta lagun eukan eta danetaz arduratzen zan. Villacortak dinoanez, “gozatu egiten eban beti izenez beteta bizi izan ebazan urteak gogoratuz. Orain, bere oroimenak eragiten eutsan gogo handiz solas egingo dau”.

Plaza bere izenagaz Sopuertan

Iñakik Sopuertan igaro ebazan bere azken urteak, ume-umetatik lotuta egoanherrian. Miguel Vera II. bikaritzako lurralde bikarioak ondo ezagutu eban eta, bere esanetan, hango parroko sekula izan ez bazan be, “berak beti argitzen eban lez”, beti egoan prest alkarteen edozein beharrizanetan laguntza emoteko. “Oso gustuko eban pasioan egin eta jenteagaz aurkitzea; geratu eta danakaz berbetan egiten eban, familiaren edo herriaren inguruko kontuak gogoratzeko. Orturako eta fruta-arboletarako zaletasun handia eban eta asko gustatzen jakon adiskideak izadian bazkaltzera eoo meriendatzera eroatea”.

Sopuertako herriak Iñakiren prestasuna autortu gura izan eban eta 2017ko abenduan bere izena jarri eutsan udalerriko plazetako bati, bere “meza barria” ospatu eban Mercadilloko eleizaren ondoan dagoanari. Eleiza honetan ospatuko da, hain zuzen be, bere hileta gaur, 19:00etan, eta Veraren esanetan, “berarengandik be jaso dogun maitasunez eta fedez egingo dogu”:

Etxeko eta lagunartekoa

Carlos Iñakiren arreba bakarraren semearen esanetan, bere osaba etxeko eta lagunartekoa izan zan beti. Ama gaztetan hil jakon eta oso gustuko eban Sopuertako lehengusu-lehengusina eta senideakaz egotea. Carlosek nabarmendu dauanez, osaba pertsona eskuzabala izan da, “besteen alde egiten eban, bere esku egoan guztian laguntzen eutsan jenteari”. 

Begoñako Amatxo, Athletic eta ortua

Azkenaldian, Erruki-etxean bizi izan da, baina aurretik, Beneragarrien abade-etxean, Begoñan, bizi izandakoa da eta aparteko debozinoa eutsan “Amatxuri”.

Athletic taldeko bazkide izan zan 40 urte inguruz. Zaletu amorratua zan eta osasunez ondo egon zan bitartea, San Mamesera joaten zan bete taldearen partiduak ikustera. 

Verak nabarmendu dauanez, baeban beste zaletasun bat be: Galdamesen eukan ortuaz arduratu. Lobak dinoanez, “ondo zaintzen eban. Askotariko gauzak landatzen ebazan eta uztaz asko arduratzen zan”. Eten barik ikasten eban eta “ortuan be ikertu eta frutu hobeak lortzea eban helburu”. 

Goian bego!

Iñaki Franco Capetillo