Santurtziko San Juan de Dios ospitalearen adiskideen sarea osatzen daben 900 kide inguruk, profesionalek, senideek eta gaixoek eurek landutako 2.700 artisau-lan baino gehiago batu dabez artisau-azoka solidarioan.
Azokan, zozketarako txartelak be saltzen dabez euro baten truke. Honako honeek zozketatuko dabez: gau bateko egonaldia Santurtziko URH Palacio de Oriol hotelean, egonaldia La Cabaña de Agüera landetxean (Burgos), BM supermerkatuetako produktuen saski bi eta Athleticeko jokalariek sinatutako kamiseta bat.
2009tik hasita
2009.eko martxoaren 8an, Santurtziko San Juan de Dios ospitaleak eta beronek sustatzen dauan alkartasun-sareak Liberiako uriburu dan Monrovian dagoan New Kru Town osasun-etxeari laguntzeko konpromisoa hartu eben. Osasun-etxe hau San Juan de Dios ospitale-ordenako anaiek zuzentzen daben Saint Joseph’s Catholic Hospitalarena da, gaur egun herrialdean zabalik dan ospitale bakarrenetakoarena.
Santurtziko San Juan de Dios ospitaleak New Kru Town osasun-etxeagaz alkarlanean dihardu, alkarte osasunerako , osasun laguntzarako eta azpiegituren hobetze eta modernizatzerako egitarauak ezarri eta Liberiako herritarren osasuna hobetu ahal izateko. Santurtziko San Juan de Dios ospitalearen adiskideen sareak sustatzen dauan artisau-azoka solidarioa eta ospitalearen lankidetza-egitaraua dira diru-iturri nagusiak.