Durangar abadea Euskaltzaindiako Ohorezko Euskaltzainen zerrendan sartu da. Juanito Gallastegi poz-pozik dago autorpenagaitik. Ez dau telefonorik hartzen Elorrion, “egunero ohikoa dauanez”, meza ospatzeko prestatzen dan bitartean. Comillasen hasi zala itzulpenak egiten gogoratzen dau. Victor Manuel Arbeloa nafar idazle eta abadeak ipuin bat idatzi eban eta “euskerara itzultzeko eskatu eustan. Harrezkero, ez naz geratu”, dino berak.
Liturgiarako Eleizbarruti arteko taldeko kide izan zan, Mikel Zarateren lekua hartuz, eta Donostian egiten ziran bileretara joaten hasi zan. Orduan, lagungarriak batueraz egiten ziran. Beranduago, Lontzo Zugazaga Euskerarako Eleizbarrutiko saileko arduradunagaz batera, bizkaierara itzultzen hasi ziran, “egiteko horretan ordu asko eta asko emonez”.
Juanito Gallastegik liburu bi be idatzi ditu. “Tontorretik begira” eta “Oiz eta Anbotoren kerizpean”. Lehenengoa, Labayru Fundazinoak argitaratutakoa, bere bizitzari buurzkoa da. Bigarrenean, hainbat aldizkaritan argitaratu dituan artikuluak batzen dira.
Itzulpenak ETPIrako
Juanito Gallastegik gaur egun gaztelaniazko idazle kristaurik irakurrienetakoa dan Luis Gonzalez-Carvajal Santabarba (Madrid, 1947), injineru, abade eta teologoaren liburu bi itzuli barri ditu.
Biografia
1933an jaio zan Durangoko Kalebarrian. Ama Elorrioko San Joan kaleko Goikoerroakoa zan eta aitaa Arriandiko (Iurreta) Txorrondonekoa; seme bakarra da. Gerran gaur egungo Muxikako Ibarruriko Unda auzoko etxaldera eroan ebezan. Gero, gurasoen zapata-dendak bizirik jarraitu eban; “Mario Shoes” denda, gurasoena zan. Umetan, Santa Susanan, jesuiten etxean eta San Frantzisko aurreko akademian lan egin eban. 14-15 urte ebazala, Comillasera (Kantabria) joan zan abadian ikasteko: sei urte Seminario Txikian eta 7 unibertsitatean (3 filosofia ikasten eta 4 teologia). Bigarren gradutik hasita, hantxe egon zan 12 urtez. Iurreta eta Oromiñoko abade izan zan bost urtez eta gero Markinara joan zan. 11 urte emon ebazan Markinan bizitzen eta lanbide ikastegian eskolak emoten eta, aldi berean, Etxebarriko abadearen zuzenbide-laguntzaila izan zan. Hamaika urte horreetako azken bostetan, Barinaga eta Geriako parroko be izan zan. 1975ean heldu zan Elorriora, lehenengo bikario lez eta urteen buruan, parroko lez.
Kultur Erakundeen mahaiak argitaratutako bideioan Juanito Gallastegik hartzen dau parte bere ibilbidearen ingurukoak kontatuz.